Lagun Aroren krisia larria den jakiteko aurkari egokia: Unicaja

Malagakoek jokalari onak dituzte saskipean, eta Sito Alonsoren taldea gehien sufritzen ari den alorra da hori

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bi partida, garaipenik ez. 53 minutu txar, eta 27 on. On, edo onartzeko modukoak. Lagun Arok eskas ekin dio ligari, eta egoerari buelta emateko aurkari benetan zaila gainditu beharko du gaur ilunabarrean Illunben (18:00, TDP): Unicaja. Zaila, lehen bi partidak irabazi dituelako aurkariak eta beti sortzen duen baikortasunari behingoagatik erantzuteko moduko taldea duela sumatzen delako. Goitik behera aldatu da Unicaja udan, eta gaur-gaurkoz talde polita egin duela esan daiteke.

Saskipeak beldurra ematen du, lau jokalari onek osatzen dutelako eta gauza asko egiteko gai direlako. Pibot garaiak dira, gainera, eta Lagun Aroko pibotek taldekideen laguntza jaso beharko dute, Garbajosa, Zoric, Freeland eta Sinanovicen ekarpena apaldu nahi badute. Egin kontu. 2,07 da luze Garbajosa, 2,11 Zoric, 2,08 Freeland eta 2,22 Sinanovic. Unicaja kementsua da saskipean, baina kanpoaldean ere dinamita franko dauka. Earl Rowland, Valters, Gerald Fitch, Tremmell Darden... jokalari onak dira, eta jokaldiak sortzen iaioak.

Lagun Arok kolpe handia hartu zuen Valladoliden, Gaztelakoek irabazi baino gehiago eurek galdu zutelako. Kamustuta dabil Baron (hirukoetan 16tik 3), eta saskiratzaile onena kale egiten hasten bada, berehala etortzen dira komeriak. Defentsako errebotean ere galtzak bete lan dabil Lagun Aro. Sito Alonso jokalariak animatzen saiatu zen atarikoan: «Orain garrantzitsuena fedea berreskuratzea da, ez Unicajaren dohainak goraipatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.