Gola: 1-0: Gabilondok (43. min.); 1-1: Nilmarrek(52. min.) Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel gorria Athleticeko Ekizari (bi hori, 80. min.), eta horiak Athleticeko Susaeta, Javi Martinez eta Muniaini, eta Vila-Realeko Musacchiori. Athleticeko bigarren entrenatzaileak iraindu egin zuela idatzi zuen aktan. Bestelakoak: 36.000 ikusle San Mamesen.
Athleticeko jokalarien profesionaltasuna ezbaian jartzerik ez dago. Lehoiek erakusten duten lanerako grina eta gogoa txalotzekoak dira. Ez dute sekula amore ematen. Baina hori ez da nahikoa garaipena eskuratzeko. Oraingoz ez, behintzat. Eta jakinekoa da bosgarren jardunaldian garaipenik lortu ez duen talde batentzat luzeak izaten direla asteak. Amaigabeak. Edonor urduri jartzeko modukoak. Bada ikusiko da nola erantzuten duten futbolariek une latz hauetan. Askok badakite zer den sailkapenaren zuloan ezinean aritzea. Beste batzuk orain ari dira ezagutzen futbolaren alde ezerosoena.
Era berean, ikusi egin beharko da nolako jarrera erakusten duen Josu Urrutia presidenteak. Berak daukalako Athleticen etorkizun hurbilaren giltzetako bat. Egin zuen apustuan itsu-itsuan sinesten duela erakutsi behar du. Ezin duzalantzarik erakutsi. Hortik haziko da Athletic. Inork ez baitu zalantzan jartzen Marcelo Bielsa prestatua dagoenik egoera gaitz honi aurre egiteko. Duela egun batzuk esan zuen moduan, harenibilbidean ugariagoak izan baitira porrotak garaipenak baino.
Athleticek bizi-bizi ekin zion norgehiagokari. Lehen minututik ahalegindu zen Vila-real estu hartzen. Entrenatzaileak gustuko duen moduan. Jarraitzaileek gura duten bezala. Erritmo handia jarri zien jokaldi guztiei. Eta, beste behin, gainezka zegoen San Mamesen laguntzarekin berehala hartu zuen iniziatiba. Baina berehala antzeman zitzaion zein den Athletic berri honek duen gabezia nagusia: arriskua sortzeko ahalmen falta. Lehoiek ez zuten aparteko arazorik izan Diego Lopez zaintzen ari zen area ingurura ailegatzeko, baina hor Lehen Mailan garesti ordaintzen den ezina erakutsi zuten. Ez ziren erdiraketa, jaurtiketa edo jokaldi arriskutsu bakar bat sortzeko gai izan. Iragan sasoian gola sartzeko aukera erdia egitea nahikoa zuen taldeak ez dauka ahalmenik aukera erdi hori ere egiteko.
Arazoaren zergatiak aurkitzeko orduan era guztietakoak agertu dira: kalitatea falta dela diote batzuek. Beste batzuek, berriz, egoerak eragiten duen larritasunaren ondorioa dela. Llorenteren sasoi txarrak zerikusia duela pentsatzen duenik badago. Kontua da ez duela beldur handirik ematen Athleticek. Vila-realek, askoz gutxiago eginda, erremate gehiago egin zituen. Borja Valerok zortzigarren minutuan area ertzetik kanpora jaurtitako eskuinkada edota Marcos Sennak, zeinak pausoan jokatzen duen, ezkerrez egindako jaurtiketa dira horren adibide garbiena. Aipatu jokaldiak izan ziren partidaren lehen ordu erdian ikusi ziren erremate bakarrak. Bi horiek eta Athleticen golekoa. Behingoz zuri-gorriekharrapatu zuten ezustean kontrarioa. Eskuin hegalean falta bat azkar atera, eta aukera eman zioten Iraolari, ondo erdiratzen duela erakusteko. Baita asmatu ere. Zer esanik ez Gabilondok, gola sartu baitzuen. Atzetik etorrita, aurrelaririk onenaren pare hartu zion aurrea donostiarrak Zapata kolonbiarrari. Pozez egin zuen eztanda San Mamesek.
Lan handia egin behar izan zuen Athleticek aurrea hartzeko. Horrek kezka eragin zuen. Kapazizango al zen bigarren zati osoa irauteko? Galderari erantzuteko denborarik ere ez zen egon. Izan ere, defentsan egindako lehen oparia baliatu baitzuen Nilmarrek emaitza parekatzeko. Rossik ezkerrez gaizki egindako erremate bat baliatu zuen baloia atean sartzeko: hura hutsik zegoen.
Kolpe gogorra izan zen zuri-gorrientzat. Hala ere, lanean jarraitu zuten. Baloiaren jabetza oinarri hartuta bigarrena sartzen ahalegindu ziren. Baina Diego Lopezek ondo erantzun zuen Javi Martinezek areaz kanpotik eta Aurtenetxek ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean egindako erremateen aurrean. Susaeta ere ahalegindu zen, baina eibartarrak egindako jaurtiketak ere amaiera bera izan zuen: Diego Lopez. Dena esan beharra badago, ez ziren aukera garbiak izan. Neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela, bigarren txartel horia atera zion epaileak Ekizari —zuri-gorririk onena—. Orduan eman zuen ontzat puntua Athleticek. Vila-realek, askoz lehenago.
ATHLETIC 1. VILA-REAL 1
Lainoak area inguruan
Athleticek presioan oinarrituta dominatu du Vila-real, baina erasoan min handiagoa egitea falta izan zaio irabazi ahal izatekoZuri-gorriek puntu premiak sortzen duen larritasunarekin jokatzen jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu