Presa. Presa jaurtiketak egiteko, jokaldi azkarrak egiteko. Presa partida lehenbailehen irabazteko. Presa gauzak ondo egin nahi izateko, gaizki eginda kaltea handia izan litekeela pentsatu gabe. Presa lanik egin gabe arrakastarik ez dagoela pentsatzeko. Lan azkarrak lan alferrak direla erreparatu gabe. Presaz jokatu zuen Caja Laboral Baskoniak Malagan, eta muturrekoa hartu. Presaz jokatu zuen Gescrap Bizkaiak Estudiantesen aurka, eta galtzear egon zen. Presaz Lagun Arok, eta min handia egingo dion porrota jasan. Garaipena bere eskuetan, eta hiru aukera galdu. Ez baitakite irabazten. Patxadaz jarduten. Eta presak sortzen direnean, kale. Normala.
Ezkortasuna. Donostia eta Gipuzkoa hartu dituena. Baita Sito Alonso entrenatzailea bera ere, eta hori seinale txarra da. Sailkapeneko zuloan dagoelako Lagun Aro, eta, galtzen duenean gutxigatik galduta ere, zazpi norgehiagoka galdu ditu dagoeneko bederatzitik. Datozen bi partidek ere ez dute itxaropenerako tarte handirik uzten: Baskonia eta Joventut, biak etxetik urrun. Defentsan hamazazpi errebote galdu zituen Lagun Arok. Gutxi, saskipean zer daukan aintzat hartuta. Baliabidez pobre dabilelako: Doblas 2,06 metro eta Adeleke bi metro eskas. Betts trotean ibiltzeko ere ez dago, eta parean Kone, Ivanov eta Barnes izanda, errezatzea beste aukerarik ez da geratzen. Gehitu hamazazpi erreboteei emandako hemezortzi baloiak, eta akabo. Horietatik bi azken minutu eta erdian, Lagun Arok irabazteko aukera izan zuenean. Analisi sinpleagoak esaten du Alacantek jokalari puska duela, ingler, eta Lagun Arok zeukana ez dela hain ona: Baron.
Lasaitasunak asko balio du. Eta zerk ematen du lasaitasuna? Garaipenek. Batez ere emaitza krisia larria denean: «Irabazi egin nahi genuen. Nola ez zen garrantzitsua». Fotis Katsikarisen esana, Estudiantes sei puntugatik menderatu ostean. Sufritu egin zutelako bizkaitarrek, ez zuenean halakorik gertatu behar. Errespetuz, Estudiantesek oso baliabide gutxi dituelako, eta zonakako defentsari eta Bizkaiak defentsan emandako erraztasunak baliatu zituelako partidan sartzeko. Gaizki dago Gescrap, eta ondo jartzeko arrazoi askorik eman gabe. Gauzak horrela, irabaztea da lehentasuna, baina aurkariari hainbeste aukera emanda zortea ez da betiko lagun izango. Nancy dator bihar, eta bidaia zaila larunbatean Fuenlabradara. Bi horiek irabazi behar dira nola edo hala, eta garaipenen konfiantzak ekarriko du jokoaren hobekuntza. Behar dute. Vasileiadisek eta Blumsek, batez ere. Herenegun hiruko hamabi jaurtiketa eta bakarra barrura. Eskerrak Hervelle osatu dela, eta bere bizitasunarekin taldea kutsatu duela.
Kolpez kolpe. Bulegoetan mugimendu franko egiten dituen taldea izan ohi da Caja Laboral Baskonia, azaroa, otsaila edo maiatza izan, eta sasoi honetan ere antzera gertatuko da. Behartuta, gainera, aste batean zortzi jokalarirekin bakarrik geratuko baita Dusko Ivanovic. Seraphin eta Dragic maletak prestatzen hasiak dira NBAra itzultzeko, eta Milko Bjelicak jai du Gabonak arte lesioagatik. Dorsey ondo dago fisikoki, baina Gasteizen daramatzan bi hilabeteetan ez du ezer egin. Williamsen kontratua eten ostean, Dorsey izan liteke hurrena, baina merkatuan zer lortu, horren arabera dago Dorseyren etorkizuna. Bitxia Ivanovicek Malagan Williamsen inguruan eman zuen azalpena: «Ez du egokitzeko arazorik izan. Arrazoi bakarra min hartuta etorri zela da!». Galdera erraza da. Zergatik fitxatu zuten min hartuta baldin bazegoen? Taldearen kudeaketaren inguruan, Ivanovicen hainbat erabakiren inguruan halako aurkako iritzia sortzen ari da Gasteizen, eta kolpe latzenak etortzeko egon daitezke. Emaitzek aginduko dute!
Zonakako defentsa
Lan azkarra, lan alferra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu