«Lan nekagarria da aita izatea, baina zinez ederra ere bai»

jon eskudero
Lezama
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Egunetik gauera erabat aldatu zitzaion bizitza Aritz Adurizi. Athleticeko elastikoarekin sartu zen ohera, eta hurrengo goizean Mallorcakoarekin esnatu. Ez zen aldaketa erraza izan donostiarrarentzat, jokalari gisa ez ezik, pertsona moduan ere bizitza berri bati egin behar izan baitzion aurre. Bi urte egin zituen Mallorcan, eta beste bi ondoren Valentzian. Hizkuntza, ohiturak... errotik aldatu behar izan zituen, baina ez da ezertaz damutzen. Gainera, haren taldekide izandakoei eskola txiki batzuk ere eman dizkie.

Asko aldatuta eduki al duzu bizimodua Euskal Herritik kanpo bizi izan zarenean?

Mallorcara joan nintzenean, hasieran aldaketa handia izan zen,eta triste egon nintzen. Une gogorrak igaro nituen, eta futbolari gisa ere kosta zitzaidan nire onena ematen. Baina berehala jende jatorraezagutu nuen, eta lau urteren balorazio oso ona egiten dut orain. Zelai barruan zein zelaitik kanpo, asko ikasi dut.

Dena den, ziur gurasoak gusturago egongo direla zu hemen bizita.

Dudarik gabe. Ez naiz nahi bezainbeste egoten eurekin, baina nire denbora librean familiarekin egotea asko gustatzen zait. Esan beharra daukat, hori bai, kanpoan bizi nintzenean pozarren joaten zirela niregana, eguraldi beroaz gozatzera.

Orain bilobaz gozatuko dute. Izan ere, aita izan berri zara.

Bai, orain bi lan ditut. Uztailean, alaba bat eduki genuen, Iara izena du, eta oso gustura gaude. Apur bat lan nekagarria da, baina zinez ederra ere bai; beste guztia konpentsatzen du alaba edukitzeak. Gauza polita da aita izatea.

Lehen denbora libre gutxi, eta orain gutxiago izango duzu.

Halaxe da. Ematen du futbolariok denbora libre asko izaten dugula, baina gezurra da. Atsedenak eramaten du gure denbora libreko denborarik gehiena, eta gustatuko litzaigukeen gauza askori egiten diogu uko. Kirol gehienak asko gustatzen zaizkit, eta kasu egiten diet. Tamalez, kirolik ezin dut praktikatu, min hartzeko arriskua dagoelako. Dena den, golfean aritzen naiz noizean behin.

Etxetik kanpo ongi moldatzen zinela argi dago. Dena den, Aritz izenak buruhauste bat baino gehiago eman izan dizu.

[Barrez]. Euskal Herrian izen arrunta da, baina hemendik kanpo ez. Askotan ibili behar izan dut letrak banan-banan esaten. Pitza bat eskatzeko deitzen nuenean, adibidez, David izena nuela sarritan esaten nuen, konplikaziorik ez izateko.

Valentziako edo Mallorcako taldekideek galdetzen al zizuten euskararen inguruan edo Euskal Herriaren inguruan?

Kuriositatea denek edukitzen zuten, eta hainbat gauza kontatzen nizkien. Dena den, kanpoan nahiko ezjakintasun handia dago Euskal Herriak biltzen dituen gauzen inguruan. Hedabideen erruz gaizki informatuta daude. Ni saiatzen nintzen azalpenak ematen, eta hemengo musika ere jartzen nuen aldageletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.