Baiona. Iginiz (Manukula, 70. min.), Roumieu (Arganese, 70. min.), Tialata (Boyoud, 70. min.); Senekal (Bernad, 43. min.), Boutaty; Chisholm (kap.), Haare (Baget, 66. min.), Puricelli; Philips, Potgieter; Rokocoko, Ahotaeiloa, Mazars (Lacroix, 66. min.), Heymans; Spedding.
Clermont. Debaty (Chaume, 54. min.), Kayser (Paulo, 40. min.), Kotze (Zirakashvili, 64. min.); Pierre, Cudmore; Lapandry, Chouly (Vermeulen, 64. min.), Bardy; Parra, Skrela (James, 64. min.); Buttin, Stanley, Fofana, Sivivatu; Byrne.
Markagailua. 3-0; 3-3 (atsed.) 3-10; 6-10; 6-13.
Epailea. Mathieu Raynal.
Christophe Deylaudek irri ironikoak nahi beste egiten ahalko ditu. Christian Lantak bere bibotea gelditu gabe harramazkatzen ahalko du. Baionako bi entrenatzaile berriek lehen partida huts egin dute, eta Baionak Clermonten aurka galdu du.
Batzuetan gauzak hain garbi ez dira izaten, baina partida Baionak galdu duela erratea da analisirik zuzenena. Clermontek irabazi baino gehiago, etxekoek galdu zuten atzoko norgehiagoka. Jacques Louis Potgieterrek, lehenik, zazpi ostikotatik bi bakarrik hagen artera botaz. Baionako jokalari guztiek, batez ere, Ti'i Paulo Clermonteko aztalkariak txartel horia ikusi ondoren, partida nola jokatu ez jakiteagatik.
Alta, bazirudien gauzak ezin hobeki zeudela baionarrentzat. Clermont aitzinetik zen, 6-10, partida bukatzeko 15 minutu falta zirela. Paulok txartel horia ikusi zuen, bere taldeak egin falten zigor gisa. Presioa baionarrena zen, eta kanpokoak kosta ahala kosta eusten ari ziren. Bere aztalkaririk gabe, Clermontek uztartzeak pusatzeko jokalaririk ez zuen, eta, ondorioz, jokalari bat gehiago atera behar izan zuen, legediak hala aginduta.
Baina zer den kirolaren ironia. Clermontek baino bi jokalari gehiago zituelarik, Baionak partidako minuturik txarrenak jokatu zituen. Baloia eskuetan mantendu ordez, zelaian zeuden zuloak baliatuz, Clermonti itzuli zizkion behin eta berriz. Usu, gainera, ostikoak txarrak izan ziren. Harrigarria da maila horretan hainbeste eskarmentu duen Heymansek partida bukaeran eman zuen maila kaskarra.
Norabiderik gabe
Heymansen irudiko, Baionak burua galdu zuen partidaren unerik garrantzitsuenean. Partidari itzulia eman ez, eta Clermonti eroso jokatzen utzi zion. Kanpoko taldeak markagailuko aldea handitzeko aukera izan zuen, bi jokalari gutxiagorekin. Lehen aukera ederki baliatu zuen, Chisholm kapitainaren falta inozo bat baliatuz: 6-13. Bigarrenean, Morgan Parrak Baionari defentsako puntu gehigarria ken ziezaiokeen. Gutxi falta izan zitzaion, baina ez zuen asmatu.
Clermonti, beraz, aski izan zitzaion bigarren zati hasieran Jean-Marcelin Buttinen entsegu bat partida irabazteko. Entseguaren jokaldia izan zen kanpokoek erakutsi zuten jokaldirik aipagarriena. Bi minutu luzez faseak biderkatu zituzten, baloiaren jabe izanez. Azkenean, Baionako defentsak ezin izan zuen entsegua saihestu.
Ordura arte, Baionak begietara begiratu zion Clermonti, eta kanpoko taldeak baino arrisku gehiago sortu zuen. Hiru aldiz, larri hartu zuen Clermont. Baina Haarek lehenik, Philipsek gero, eta Rokocokok azkenik, ez zuten asmatu jokaldia entsegua bihurtzen, Jean Dauger bete zuten zaleen zoritxarrerako.
Potgieterrek egun txarra izan ez bazuen, Baionak aitzinetik egon beharko luke. Atsedenaldia, baina, 3-3koarekin iritsi zen. Bigarren zati hasieran etorri zen Clermonten entsegua. Baiona ez zen ikaratu, eta aldea murriztu zuen: 6-10. Pauloren txartel horia etorri zen orduan, eta Baionaren hondoratzea gero. Partida irabazten ez asmatzeagatik, denboraldiko lehen porrota jaso du Baionak. Lana badago oraindik.
Baiona 6. Clermont 13
Lana badago oraindik
Clermontek bigarren zati hasieran entsegua sartu du, eta Baionak iparra galdu du emaitza iraultzeko garaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu