PILOTA

Lanak eginda iritsiko dira finalera Altuna III.a eta Rezusta

Aurrelariak esan du ia erabat ziur Rezustaren aurka ariko zela pentsatuta entrenatu dela azken astean. Atzelariak, berriz, azaldu du hasieratik finala jokatu behar izan balu bezala aritu dela lanean

Jokin Altuna eta Beñat Rezusta, gaur, pilota aukeraketan. FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 17a
14:08
Entzun

Atzo argitu zen Iñaki Artola ez zela osatu eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean egin zuen lesioaz, eta ez zuela jokatuko buruz buruko finala. Hala ere, bai Jokin Altunak, baita Beñat Rezustak ere egunak zeramatzaten lanean euren artean jokatuko zutela pentsatuz. Horixe azaldu dute biek gaur Bilboko Miribilla frontoian egin duten pilota aukeraketan. «Esana nuen finalarekin zer gerta ere jokatuko banu bezala hartuko nituela bi aste hauek. Eta halaxe egin dut. Buruz burukoan izan dut arreta osoa. Nire entrenamenduak egiteko aukera izan dut. Eskuz ondo nago, ez dut minik. Ez dago aitzakiarik. Gainera, mesede egin dit dena segidan izateak, finalari buelta asko ez emateko», esan du Rezustak. Altunak, berriz, azaldu du Artolaren lesioa aspalditik zetorren kontua izanik, buruan «ia %100ean» zuela Rezustaren aurka jokatuko zuela. «Prestaketa aldatu behar izan dut, eta binakako partida bat jokatu, baina oso ondo nago. Sentipen onak ditut. Ea igandean ere ditudan».

Bi pilotariek behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka Buruz Buruko Txapelketan, 2017an, final-laurdenetan, eta Rezustak irabazi zuen: 22-14. Hala ere, ez batak, ez besteak ez dio garrantzirik eman neurketa horri. «Lau urte pasatu dira ordutik, eta biok gara pilotari hobeagoak. Nahiz eta Iñakiren ordez izan, Beñat finalean baldin badago, maila soberan duelako da. Ondo ari da gauzak egiten buruz burukoan azken urteetan», adierazi du Altunak. «Urteak pasatu dira, eta pilotari ezberdinak gara. Ederra litzateke ordukoa errepikatzea, baina oso zaila izango da. Jokin da faboritoa. Maila handia ematen ari da azken urteetan, eta beti dago finaletan edo finaletatik gertu. Oso zaila da hari irabaztea, normalean bere maila ematen baitu. Partida zaila izango da, baina oso polita jokatzeko, are gehiago final bat dela kontuan hartuta. Nire lana egin nahi dut. Eta lortzen dudan. Gogotsu eta ilusionatuta nago», azaldu du Rezustak.

Biek ala biek azpimarratu dute euren jokamoldeari eutsiko diotela, eta ez dutela asmorik orain arteko partidetan egindako jokoaren oso bestelakoa egiteko. «Ezin dut haren joko zoroan sartu; bestela, ez dut zereginik. Badakit nola jokatu behar dudan, baina askotan Jokin bezalako pilotariek ez dizute lagatzen joko hori egiten. Nik argi dut Jokin eroso baldin badago, zaila izango dela hari irabaztea. Hura mugitzen saiatu behar naiz, lasai egon ez dadin», esan du Rezustak. Altunak, berriz, «oldarkor» jokatu beharko duela nabarmendu du. «Ez dut itsutu behar haren eskuina bilatzen. Ez da ona bestearen jokoan zentratzea; bestela, partidatik irten zaitezkeelako. Nik ondo egin behar dut nire jokoa. Sakea ezker paretara botatzen baldin badiot, kostatu egingo zaio bueltatzea. Pilota besagain jotzen saiatuko naiz, ahal den abiadura gehien ematen. Nire partida onena egin beharko dut. Nire lana ongo egiteak axola dit. Ez badut ondo egiten, ez dut irabaziko. Baina itxaropentsu nago. Sentipen onak ditut, eta hori da garrantzitsuena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.