Caja Laboral Baskonia. Heurtel (4), Oleson (11), San Emeterio (6), Teletovic (20) eta Seraphin (11) -hasierako bostekoa-; Ribas (11), Prigioni (5), Milko Bjelica, Nemanja Bjelica (5) eta Williams.
Cajasol. Satoransky (5), English (6), Pancho Jasen (12), Rubio (4) eta Paul Davis (9) -hasierako bostekoa-; Txemi Urtasun (5), Calloway(2), Triguero (4), Bogdanovic (9), Tepic (2) eta Izquierdo (2).
Markagailua. 18-15, 32-32 (atsedenaldian); 50-44 eta 73-60.
Epaileak. Garcia Ortiz, Murgui eta Sanchez. Faltengatik kanporatuak: Cajasoleko Rubio (39. min.).
Bestelakoak. 7.600 lagun.
Lehen zatiko Baskonia, edo bigarrenekoa ikusi, alde ederra. Partida grisa, tristea, hotza jokatu zuten bi taldeek lehen hogei minututan, baina horrek mesede egiten zion Cajasoli, Sevillako taldea hobeto moldatzen baita joko pausatuan, 60-65 puntuko markagailu apalean. Cajasolek bere errotara eraman zuen ura lehen bi laurdenetan, erasoko errebotean min handia eginez. hamar jabetza bereganatu zituzten, eta jaurtiketetan euren portzentajea nahiko eskasa izan arren, berdinduta iritsi ziren aldageletarako bidea hartu aurretik: 32-32.
Tarte horretan boladaka jokatzen zuen Baskonia ikusi zen, jokalarien buruz buruko jokaldiekin, baina talde lanik gabe. Batzuetan Teletovic, hurrena Oleson, beste eraso batean Pau Ribas... Kevin Seraphinek zenbaki politak pilatu zituen partida bukaerarako, baina galdu samar aritu zen eraso jokoan, buruz buruko jokaldiei muzin eginez. Defentsan ere komeriak izan zituen, eskarmentu handiko jokalari garai bat zaintzen. Paul Davisek gainditu egin zuen frantziarra.
Lau punturen aldea izan zuen gehienez lehen zatian Baskoniak, baina batere joko onik egin gabe. Milko Bjelicak hiru falta egin zituen, eta Seraphin, Teletovic eta San Emeteriok defentsako errebotea zaintzerakoan erakutsitako nagikeria ezin hobe baliatu zuen Pancho Jasenek. Harmailetan ere ez zen Buesa Arenako berotasunik sumatzen, eta hirugarren laurden hasierak are gehiago hoztu zuen giroa.
Cajasol 32-36 aurreratu zelako, eta Baskoniaren erreakziorik ez zelako sumatzen inon. Ivanovicen oihu sorta batek, eta Prigioniren hiruko batek esnatu zuten taldea. Satoranskyk 39-41ekoa jarri zuen hiruko jaurtiketa batekin, baina hortik aurrerako guztia Baskoniarena izan zen. Hemeretzi puntu bakarrik baimendu zizkion Cajasoli hamabost minututan, pase lerroak ondo itxita, eta saskipean errebotea hobeto babestuz. Defentsako eraginkortasun horrek hauspoa eman zion Ivanovicen taldeari eraso jokoan, eta Ribas, Oleson eta Teletovicek hartu zuten erantzukizuna. Hamaikana puntu saskiratu zituzten bi eskoltek, eta hogei punturaino joan zen kapitaina.
Azken laurden lasaia
39-41eko zalantzatik 48-41ko argira pasa zen partida hiru minututan baskonia. Baloi pare bat berreskuratu zituen , eta bost puntu gauzatu Olesonek kontraeraso pare baten bitartez. Cajasoleko Luka Bogdanovicek hiruko bat saskiratu zuen laurdeneko azken jokaldian, eta bere taldea sei puntura gerturatu, baina norgehiagokak etxekoen aldeko norabidea zeukan ordurako.
Bogdanovicek biko beste bat saskiratuta ere: 50-46. Teletovicek hirukoarekin erantzun zuen aurrena, eta beste biko batekin gero. Heurtelek hiru puntuko jokaldia behartu zuen eta Ribasek bere bigarren hirukoa gauzatu, Baskoniari 11 punturen aldea emateko: 60-49. Sei minutu falta ziren, eta emaitza baxua aintzat hartuta, ezinezkoa zen Baskoniak garaipenari ihes egiten uztea. Jokoa azkartu zen, garaipena poltsikoan zuela ikusita, eta Seraphinek ordua arte egin ez zituen jokaldi ikusgarriak egin zituen. Txikitze pare bat, txapel dotoreak...
Zenbakiei begiratuta ikusten da Baskoniak ahalegin serioa egin zuela defentsan. Hogeita hamabi puntu hartu zituen lehen zatian, eta hogeita zortzi bigarrenean, baina partida bero-bero zegoenean Cajasolek zailtasun asko izan zituen saskiratzeko. Balorazioaren arloa ere aski argigarria da. 37-33 zen nagusi lehen zatian Baskonia. Hogei minutu geroago, zenbakiek ez zuten gezurrik esaten: 92-48. Zer hobetu franko ere badu Gasteizko taldeak. Reggie Williamsek apenas jokatu zuen, eta bere sasoi onenetik urrun dagoela berretsi. Bjelicatarrak bezala. Milkok ahazteko moduko neurketa egin zuen. Nemanja, aldiz, txukun aritu zen Ivanovicek aukera eman zionean, baina ez zuen jokatu bigarren zati osoan.
Baskonia 73. Cajasol 60
Lanerako jantzia soinean
Bigarren zatian eman dio buelta partidari Baskoniak, Cajasol eroso menderatzeko; Teletovic izan da onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu