ESPAINIAKO VUELTA

Langabeziatik zerura

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Zenbatetan entzun dugun bizitzak milaka jira ematen dituela. Manuel Beltranek ederki daki hori. Urte asko darama profesionaletan, baina askok baino hobeto ezagutzen ditu txirrindularitzaren alde ilunak. Zortzigarren urtea egiten ari da profesionaletan Beltran (Jaen, Espainia, 1971).

Mapei taldean ekin zion kirol ibilerari. Abraham Olano anoetarrarekin batera korritu zuen, eta laguntasun handia egin zuten biek. Laguntasun hori zela bide, Baneston egin zituen hiru urte, Olano lagun zuela, orduan ere. Mapei desagertu egin zen 1996. urtean, eta Triki Beltran langabezian geratzeko zorian izan zen.

Coast taldearekin fitxatu zuen iaz, baina aurten arazo ekonomiko handiak izan ditu talde horrek. Txirrindularien soldatak ordaintzen ez zituela-eta bertan behera geratu zen Coast. Taldean ziren karreristek ahal zuten moduan bilatu zuten lekua plantilak itxita zituten beste taldeetan. Beltranek ere bai, oso kostata. Haren sendiak Jaenen dituen olibondoetan lanean hasteko asmoa zuen US Postalen eskaintza jaso zuenean. Ez zen nolanahiko eskaintza, eta Beltranek, noski, baiezkoa eman zuen. Olanoren laguntzarik gabe, gainera.

Morrontza lanetantropeleko onenetakoa

Beltran morrontza lanetan da iaioa, batez ere. Alpeetako Klasikoa eta Kataluniako Volta dira haren palmareseko garaipen bakarrak. Inoiz ez da izan txirrindulari garailea, eta garbi dago: morrontza lanetan aritzeko fitxatu zuen Armstrongek. Olanok ederki daki Beltran mutil zintzoa dela. Liderrak berak eskatzen duen erritmo egokia ematen dakiten bakarretakoa da. Eta bizikleta gainean eserita beti. Asko eskertzen dute hori tropeleko txirrindulari onenek.

Andaluziarra den heinean, hizkera eta izaera alaikoa da oso Beltran, txantxazalea. Quillo (txikito) eta pisha (txo) hitzak erabiltzen ditu etengabe.

Txantxazalea, baina serioa. Lanean aritzeko fitxatu zuen US Postalek. Vueltan, ordea, aldekoa du egoera. Erlojupekoetan pattal jardundakoa betidanik, ustekabe handia eman zuen Zaragozan, eta Vuelta irabazteko hautagaia da orain. Langabeziatik zerura egin du jauzi bizpahiru hilabetean, baina zerura igotzen saiatuko den ala ez ikusteko dago. Herasi lagunduko diola esan zuen atzo, baina US Postalen bera da Vuelta irabazteko aukera gehien dituena orain. Talde berean arituko da heldu den urtean, eta zer pentsatua emango dio horrek, baina goxoki on bati uko egitea ez da erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.