Asefa Estudiantes 69. Gescrap Bizkaia 71

Larri, baina partida garrantzitsua irabazi du Gescrapek

Zortzi punturen alde ona zuten bizkaitarrek lau minutu falta zirela, baina puntu bateko jaurtiketek erabaki dute

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Asefa Estudiantes. Granger (5), Lofton (15), Kirksay (5), Clark (10) eta Gabriel (22) —hasierako bostekoa—; Willie Deane (5), Driesen (2), Simmons (5) eta De La Fuente.

Gesrap Bizkaia. Aaron Jackson (4), Blums (6), Mumbru (6), Banic (14) eta D'Or Fischer (7) —hasierako bostekoa—; Vasileiadis (10), Grimau (10) eta Hervelle (8).

Makagailua laurdenka. 26-18, 33-36 (atsedena); 52-55 eta 69-71.

Epaileak. Conde, Cortes eta Calatrava. Kanporatuak: Estudiantesko Deane (38. m.) eta Bizkaiko Grimau (39. m.).

Gescrap Bizkaiak ligako zortzi onenetara hurbiltzen lagunduko dion partida garrantzitsu bat irabazi du Madrilen. Dagoeneko bi dira errenkadan lortutakoak, eta bistan da, emaitza on horiek buruko indarra emango diote Moskuko CSKAren aurkako kanporaketa zailean. Katsikarisen taldeak gorabeheratsu aritu zen, orain ondo, orain eskas, baina defentsa bikaina egin zuen bigarren eta laugarren laurdenetan, eta Estudiantesek saskiratzeko erakutsi zuen ezina baliatu zuen, Bilbora garaile itzultzeko. Nahi baino komeria gehiagorekin, baina 13. garaipena poltsikoan.

Bizkaiak zortzi punturen zuloa ireki zuen partida bukatzeko lau minutu falta zirenean. Alde nahikoa ez sufritzeko. Estudiantes, gainera, nahi eta ezin ari zen, German Gabriel ondo zainduta eta Jayson Granger joko antolatzailea karranpak jota aulkian. Erabaki oker pare batek, eta Kirksayren hiruko on batek 67-68koa jarri zuten markagailuan, eta Vasileiadisek puntu bateko jaurtiketak asmatu behar izan zituen garaipena ziurtatzeko.

Bizkaitarrak lo kantxaratu ziren lehen laurdenean, eta jabetzerako 13-2 aurreratu zen Estudiantes. Garaipen premia handiarekin daude Madrilgoak, eta sututa kantxaratu ziren. 16-13 itxi zuten odolustea Blumsek eta Roger Grimauk, baina lehen hamar minutukoa 26-18koarekin bukatu zen. Ordurako agerian geratu zen Bizkaiak erritmo geldoa nahi zuela, kontraerasorik ez, eta Estudiantes kutsatu zuen. Hainbesteraino, etxekoek zazpi puntu bakarrik saskiratu zituzten laurden osoan, Gabriel aulkian atseden hartzen ari zela.

Hirugarren laurdenean Estudiantesek nahiago duen bezala jokatu zen berriro, baina, halere, hiru punturen aldeari eusten zion Bizkaiak. Gordetzeko modukoak Bizkaiaren azken laurdeneko lehen zazpi minutuak, hiru puntura mugatu baitzuen Estudiantesen erasoko uzta. Orain bai, orain Moskun pentsa daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.