Tentsioa eta jai giroa nabari zen atzo Dublingo Croke Park estadioaren inguruetan. Irlanda eta Ingalaterraren lehia hasi baino bi ordu lehenago estadioaren sarreretan 200 pertsona inguru bildu ziren partidaren aurkako kontzentrazioetan. Errugbi partida ikustera zihoazen zaleei «historia ez ahazteko» oihukatzen zieten, poliziaz inguratuta. 1920. urteko azaroaren 21ean soldatu britainiarrek sarraskia egin zuten zelaian bertan. Hamalau pertsona hil zituzten tiroz (horietako bat futbol gaelikoko jokalaria zen), IRAk aurreko egunean egin zuen atentatu bati erantzunez. Ia ehun urte geroago, Kirol Gaelikoen Elkarteak (GAA) Ingalaterrari zelaian berriro sartzen utzi zion atzo, errugbi partida bat jokatzeko, eta God save the Queen ereserkia entzun zen Croke Parken, bandera britainiarrak gora egin zuen egunean.
«Igande Odoltsuan hil zirenen memoria iraintzea da», zioen manifestarien aurrean Ruairi O'Bradaigh-ek, IRAko buru ohi, Sinn Feineko presidente ohi eta Republican Sinn Fein (RSF) erakundeko liderrak, elkarretaratzeen deitzaileak. «Sarraski hori ezin da historiaren atal bat soilik izan Irlandan ingelesen okupazioak irauten duen bitartean», gaineratu zuen. Sinn Feinetik banandutako erakunde horretako liderrak protesta ohar bat helarazi zion GAAren ordezkaritzari, kontzentrazioak iraun zuen bitartean. Nickey Brennan GAAko presidenteak, ordea, ez zuen gutuna O'Bradaighen eskuetatik jaso nahi izan. «Behintzat gure aldarrikapenak entzutea onartu dute», konformatu zen errepublikanoen lider historikoak.
«Gaurko albistea zelai barruan gertatzen dena izango da, eta ez fanatiko talde horrek dioena», egin zuen oihu zale ingeles batek. «Sasipolitiko madarikatuak!», gaineratu zuen beste batek. Protestek istilurik sortu ez zuten arren, Dublingo kaleetan tentsioa nabarmena zen. Atzoko hitzordua historikoa zen arrazoi askorengatik, eta segurtasun indarrek horrelako kirol ekitaldietan ezohikoak diren neurriak hartu zituzten.
Irlandako mila poliziak baino gehiagok zaindu zuten estadioaren ingurua atzo (istiluen aurkako patruilakoak ziren horietako batzuk) eta hainbat helikoptero aritu ziren hiriaren gainean bueltaka egun osoan. Partida modu baketsuan joka zedila bermatu nahi zuten, eta, batez ere, estadio barruan buruberorik ez zedila sartu. Eguraldiak gainerakoa egin zuen.
20.000 ZALE INGELES. Atzoko eguna jaieguna izan zen Dublingo pub gehienetan, eta jai giroak hartu zituen. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioaren arabera, 20.000 zale ingelesek baino gehiagok egin zuten Dublinerako bidaia. Hirian turista gehien biltzen den gunea, Temple Bar, garagardoa eskuetan zuten ingelesez beteta egon zen goizean goizetik. Gorri koloredun ikurrekin jantzita (baita ikur irlandarren bat edo beste ere), Ingalaterrako selekzioko jarraitzaileek tabernak bete zituzten partida telebistaz ikusteko.
«Kirol festa izan behar du honek, eta iraganean gertatutakoa ahaztu beharra daukagu», adierazi zuen Straford-upon-Avoneko zale batek. «Badakit giroa ez dela erabat ona izango, baina ez dut uste arazorik egongo denik», iragarri zuen Steve Cameronek, Portsmoutheko zale ingelesak. Asmatu egin zuen. Zale irlandarrek, ordea, ezin zuten atzo partidak eurentzat zuen garrantzia eta esanahia ezkutatu. «Merezi dutena eman behar diegu», eskatzen zuen Sean Kiermanek, Cork-eko zale irlandarrak. «Partida honek historian sartu behar du», gaineratu zuen. Horrek ere asmatu egin zuen. Modu batera edo bestera, atzoko partida dublindar guztien gogoan egon zen. Atzoko eguna atal baketsu bat izango da Irlandaren historian.
«Badakit giroa ez dela erabat ona izango,baina ez dut ustearazorik egongo denik»
steve cameron
zale ingelesa
«Merezi dutena eman beharko diegu ingelesei; partida honek historian sartu behar du»
sean kierman
Zale irlandarra
Larunbat baketsua
Segurtasun neurriak ohi baino gehiago izan ziren atzo Croke Park estadioaren inguruan. Partidaren kontrako protestak eta jai giroa izan ziren atzo Dublingo kale eta pubetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu