Urtero legez, sanmateoetako feriak amaituko du udako pilota sasoiari. Larunbatean hasi eta hilaren 23ra arte, bederatzi jaialdi jokatuko dira Logroñon (Errioxa, Espainia), Adarraga pilotalekuan. Binakako torneoak bereganatuko du, beste behin ere, arreta osoa. Sei bikote ariko dira: A multzoan, Xala-Barriola, Berasaluze VIII.a-Albisu eta Olaizola II.a-Apraiz; eta B multzoan, Titin III.a-Merino II.a, Bengoetxea VI.a-Begino eta Gonzalez-Zubieta. Binakako torneoak zazpi jaialdi hartuko ditu, guztiak, 17koa eta 22koa ez beste —Asegarceren eta Asperen arteko desafioa jokatuko da 22an—. Finala, berriz, 23an jokatuko da.
Bi aldaketa daude aurreko urteetako feriekin alderatuta. Aldaketa bat sarreren prezioari dagokio. Hala, aurten feria guztirako abonamendua %15 merkeagoa da. Handiagoa da jaitsiera eguneko sarrerei dagokienez, %15-25. Antolatzaileek espero dute hori eginda, pilotazaleak Adarragara gerturatzea. Horrekin lotuta, bederatzi jaialdietatik lautan bi partida bakarrik jokatuko dira. Arrazoia? Aurreko urteetan inor gutxi geratzen zen harmailan bigarren partida amaituta, jaialdiko neurketa nagusia, eta, askotan, hirugarren partida pilotalekua erdi hutsik zegoela jokatzen zen. Hori saihesteko, antolatzaileek bi norgehiagokako jaialdiak antolatu dituzte, zalea pilotalekuan hasi eta bukatu egon dadin.
Larunbatean hasiko da San Mateo feria, udako azken pilota torneoa
Sarrerak %15-25 merkeago izango dira, eta lau jaialditan bi partida bakarrik jokatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu