Iazko Giroko mendateen azterketa egin zenean, italiarrek beste Giro batzuetan baino gutxiago, etzanagoak zirela zioen joera zabaldu zuten. Aurten, Italiatik diotenari erreparatu gabe, nahikoa da ibilbideari gainetik erreparatzea, analisia fidatzeko modukoa izateko. Antolatzaileek bidegabe jokatu dute, pasatu egin dira, mendate asko eta gaiztoak hautatu dituzte, ia gehienak azken 10 egunetan, eta ez harritu Milanera 100 txirrindulari pasatxoko tropel txikia iristen bada (197 abiatuko dira).
Giroko 88. ekitaldiak 3.464 kilometro ditu, 75 kilometro erlojupekoan egin beharko dituzte, eta etapa menditsuak bost dira. Azken datu horri erreparatu behar zaio, igotzaileek dena dutelako alde Giro honetan. Jakina da Giroko antolakuntzak italiarren alde egiten duela lotsagabe ibilbidea prestatzerakoan. Italian, aspaldi, igotzaileak dabiltza puntan, eta haiek nahi beste erraztasun aurkituko dute erlojupekoan galdutako minutuak irabazteko, eta erlojupekoetan iaoak direnek mendate piloa euren errenta nonahi galtzeko.Dolomitetako eta Alpeetako mendateei errepasoa egin, eta nekeza egiten da %7ko batez bestekoa baino apalagoa duen mendateren bat topatzea. Igoko duten guztia da horma. Gehienak dira gogorrak, gehienak luzeak, asko 2.000 metrotik gorakoak, eta mendiko bi etapa 220 kilometrokoak. Gainditu beharreko desnibela, beldurtzekoa: 22.000 metro. Hobe dute txirrindulariek potoko samar abiatzea Reggio Calabriatik, gaur, soberan dituzten gantzak inolako arazorik gabe botako dituztelako azken aste gogorrean.
Aste lasai bi, eta bi atseden egun
Giroko egituraketa garbi-garbia da. 1,150 kilometroko aitzin-etaparekin hasiko da, Italia hegoaldean. Handik iparrera egingo du, etengabe, bi astez, Dolomitekin topo egin arte. Bosgarren eta zazpigarren etapak, L'Aquila eta Pistoian bukatzen direnak bihurriak dira, Italian hain gustuko dituzten etapa gorabeheratsuak. Zazpigarrenak Sammome gaina du helmuga atarian, %15eko maldak dituen koska.
8. etapa Florentzian bukatuko da. 45 kilometroko erlojupekoa da, mendate luze batekin bide erdian, nola ez. Asteartez (maiatzak 17) lehen atseden eguna du tropelak. Hobe dute egun hori ondo aprobetxatu, hurrengo egunetan gainditu beharrekoa infernuaren parekoa delako. Egin kontu, Zoldo Alto gainean bukatuko dena dela denetan errazena, hiru mendaterekin. Datuak ikusi eta erraztasun hori neurtzea da hurrengo zeregina: Cereda (8,5 km, %7,6), Passo Duran (13 km, %7,7) eta helmugakoa (8,7 km, %6,9).13. eta 14. etapak antolatu dituenak izaera maltzurrekoa izan behar du, derrigor. 218 kilometro ditu lehenak, maiatzaren 21ekoak (larunbata), 210 bigarrenak, igandekoak. 13. saioak Costalunga, Sella, Gardena, Erbe eta Ortisei gainak ditu, eta azkena da denetan etzanena. Sella, Gardena eta Erbe 2.000 metrotik gorako mendiak dira. Erbe da deigarriena. 15 kilometro ditu eta batez bestekoa %8,7koa da. Hasieran bi kilometro ditu %11ko pendizarekin. Azken seiak ere oso gogorrak dira. Ortisei-Saint Ulricheko ailegaera aurreko morroskoek egiten dute erabakigarri, 3 kilometroan %9,7ko batez besteko malda baldin badauka ere.Larunbatean sermoia eta igandean penitentzia. Frassineto, Stelvio, Foscagno eta Passo Eira igotzen dira. Espainiako Vueltan Frassinetoren tankerako mendateren bat bilatuko balute, bai pagotxa. Giroan etapa gogorreneko lehen mendatea baino ez da, 10 kilometroan %8,2ko batez bestekoa badu ere. Frassineto muino bat da, ondoren igo beharrekoak paretak direlako. Stelvio mitikoa, batez ere. Coppi gaina aurten, 2.758 metroraino goratzen da. 25 kilometro da luze, eta azken hamabostek %8,6ko pendiza dute. Guzti horiek 2.000 metrotik gora daude, birikek aire gehien behar dutenean, atmosferan aire gutxien dagoenean. Jota bukatzen dute txirrindulariek Stelvioko igoera. Badakite hori ederki asko antolatzaileek, baina Foscagno bukaezina jarri dute (15 kilometro), nekea muturreraino eramateko.
Finestre, munduko aldapa gogorrena
Motorra gehiegi berotu eta hautsi ez zaien txirrindulariek azken langa, azken proba gainditu beharko dute: hiztordua Milanera iritsi aurreko eguna da, Sestrieresko bukaera. Sestrieres plater handiarekin igo dezakete onenek, eta errepidea autobide onena bezain leuna da. Bitan igoko dute, baina bien artean dagoen mendatetzarra, antolatzaileek urtero bilatzen duten mugarria, txirindularientzako ez, ahuntzentzako aldapa egokiagoa da: Colle delle Finestre.
Zenbaki hotzek diotena baino askoz gehiago da Finestre: 18,5 kilometroan 1.694 metro igotzen dira. Batez bestekoa erraza da: %9,2. Munduko aldapa ezagun gehienak neurtzen dituen web orriaren arabera (www.salite.ch), Finestre da Italiako eta Europako mendate exijenteena. Piemonteko eskualdeko mendate horrek 193,31ko koefizientea dauka. Mortirolokoa da alderaketa egiteko adibide onena: mendate mitiko horretako igoera gogorrenak (Mazzotik) 186,3ko koefizientea dauka. Zailtasuna aldaparen batez besteko portzentajea eta desnibelaren arabera neurtzen dute.Hainbeste aldaparekin, bigarren erlojupekoak garrantzirik izango al du? Diziplina horretan iaoak direnek badute esperantza, baina zaila izango da 35 kilometroan aldaketa esanguratsuak gertatzea. Jendea justu joango da ordurako, eta 35 kilometroan ezin da 3.300ean galdutakoa berreskuratu.
Lampre-Cafitak du altxorraren giltza
Azti lanetan murgilduta, Giroa irabazteko hautagaien jarduna bi txirrindulariren lanaren araberakoa izan daiteke. Lampre-Caffitakoak dira biak: Damiano Cunego eta Gilberto Simoni. Gazteak nahi duena, zaharrak ahal duena esaera zaharra errepikatuko den ikusteko dago, baina ez harritu. Cunegok bere urrezko aroa hasi besterik ez du egin, gazteen sua du giharretan, jarrera lotsagabea. Simoni itzaltzen hasi zen iaz, baina zeharo itzali aurretik azken txinpartak erre nahiko ditu. Ez da haren aukera ezetsi behar, eta bere garaipen zerrenda distiratsua errespetatzea ez legoke soberan (bi Giro irabazi ditu).
Bikote horren ondoren apustuak egitea arriskatu samarra da. Garzellik eta Savoldellik kale egin zuten Romandiako Tourrean. Apropos, indarrak alferrik ez xahutzeko izan ote zen bi aste barru jakingo dugu. Gertutik jarraitu behar da Dario Frigoren jarduna, baita Dario Cioni eta Serhii Hontxarrena ere. Erregularrak dira oso bi horiek. Iaroslav Popovitx ere ezkutuan ari da. Tourrerako prestatu nahi omen du Armstrong ugazabak. Ivan Basso ere benetan ahaleginduko den misterioa da. Giroa eta Tourra irabazi nahi zituela esan zuen orain astebete, ahobero. Zalantza asko, onenen artean, eta ezustekoak azalduko direnen artean.Horien artean euskal txirrindulariren bat agertzeko aukera benetakoa da. Aurreko urteetako emaitzak gogoan, Juanma Garate eta Unai Osa dira erreferentzia baliagarrienak. Garate bitan sailkatu da lehen hamarren artean azken hiru urteetan (laugarren 2002. urtean), eta Unai Osa podiumera igo zen urtebete lehenago. Zaila izango da bikote hori goi-goian ikustea, dena den.Haimar Zubeldiak ere lan polita egin dezake. Arituko diren euskaldunen artean bera da itzuli handietan ondoen moldatzen dena, eskarmentu gehien daukana. Giroa korrituko zuela jakitea ezustea izan zen usurbildarrarentzat hasieran, baina lan fisikoaz gain, burua ere Giroan bete-betean jarduteko prestatu du. Mendate garaiak, aldapa amaigabeak dira Haimar Zubeldiaren aurkari, baina 2003ko Tourrean ere nahi adina mendate zauden, eta bosgarren postuan sailkatu zen. Koldo Gil burlatarrak ere neurria eman dezake. Aste bateko itzulietan ederki moldatu da. Aste batetik hiru asterako jauzia ematea ez da erraza, baina noizbait hasi behar badu, aurten izan behar du, ondo bidean Giroa izango delako aurten korrituko duen itzuli handi bakarra.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Lasai hasi, motorrak berotu eta erre
Gaur hasiko da Giroko 88. ekitaldia, Simoni eta Cunegoren arteko kitarakoa. 3.464 kilometro ditu, bi erlojupeko bihurri, mendiko bost etapa, hiru gorabeheratsu eta bi mamu: Stelvio eta Finestre. Gaurko aitzin etapa, 21:00etan hasiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu