«Pausoa garrantzitsua da, baina ez erabakigarria. Real Madrilek bana berdintzen badu, konfiantza hartuko du, eta gu menderatzeko gai da Gasteizen». San Emeterioren hitzak dira, gaurko partidaren atarikoan eginak. Esaldi egina, bai, zuhurtziaz betetakoa, baina esan beharrekoa. Hegalekoa esaldi horretan suma daitekeen baino baikorrago egongo da, ziurrenik, baina ez da komeni lau haizetara irudipen hori ematea. Lehen partida irabazita, kanporaketako aginte makila hartu duelako Baskoniak. Madrildik banakoarekin bueltatzea arrakastatzat jotzen zen Gasteizen, eta, orain, ziurtatua dute banako hori. Pentsa, 0-2koa lortuz gero, balantzea zein ona izango den.
Real Madril jota utziko luketelako. Lehen partida galtzea kolpe handia izan zelako etxekoentzat. Lehen partidak garrantzitsuak izaten dira. Norabidea finkatzen dute, garailearen konfiantza indartzen, eta galtzailearen kemena ahultzen. Bigarrena irabazita ere, kanporaketa nahiko zail dutela dakitelako. Gasteizen partida bat irabazi beharko lukete, eta ez da batere erraza. Baskoniak madrildarren urduritasuna baliatzen asmatu behar du gaur. Gauzak normal, indarrean kantxaratuko da Lasoren taldea, neurketa lehenbailehen hautsi eta Baskoniari euforia lapurtzeko.
Balantzaren bestaldean, lehen partidako osagai berak: pazientzia eta konfiantza. Ostegunean ere min egin zuten partzialak lortu zituen Real Madrilek: 7-0koa bat, eta 9-2ko bestea, Baskonia 53-58 aurreratu ostean. Une horietan, patxadari eutsi zion Gasteizko taldeak, konfiantza bere ahalmenean, eta, horri esker, buelta eman zion partidari: «Badakigu minutu pare batean partida hausteko gai direla, baina erantzun egokia eman genuen uneoro, eta ez genien korrika egiten utzi. Bigarren partidari begira ere ondo aritu behar dugu bi arlo horietan». Prigioniren hitzak, aintzat hartu beharrekoak.
Hobetu beharreko arloak
Garaipenak bigarren maila batean uzten ditu hutsak, baina Baskoniak egin zituen, eta horietako batzuk, larri samarrak. Jaurtiketa libreena, adibidez. Huts asko egin zituen Baskoniak, zazpi denera, eta, norgehiagoka estu badoa, erabakigarria izan liteke. Ustez saskibaloian dagoen jaurtiketa errazena da puntu bateko hori, presiorik gabe egiten dena, baina huts asko egiten dira. Emandako baloi kopurua ere hobetu daiteke. 12 eman zituen herenegun, baina zorionez, Real Madrilek ez zien etekin handi-handirik atera.
Konpontzen ezinezkoa den arazoa da Nocionirena. Oraingoz, behintzat. Argentinarrak zuntz haustura dauka izterrean, eta ez du bigarrena jokatuko. Gasteizera bueltatu zen lehen norgehiagoka bukatuta, haustura aztertzeko, eta kanporaketa honetan berriro kantxaratuko den edo ez, ezin jakin oraingoz. Ostegunean, oso balorazio txarra egin zuen argentinarrak (-9), eta, gaur, behintzat, ez da halakorik gertatuko.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak
Lasai, luze jo dezake eta
Baskoniak 0-2koa lor dezake, baina jokalariek kanporaketa berdinduta balego bezala jokatu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu