Lasaiago bizi nahi du

Ottmar Hitzfeld entrenatzaile historikoak ez du Bayern Munichen jarraituko denboraldia amaituta. Suitzako selekzioko hautatzaile izango da edo telebistako esatari. Beste mito batek ordezkatuko du: Jurgen Klinsmannek.

Igor Susaeta.
2008ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Begizulo nabarmenak zituen Ottmar Hitzfeldek orain dela lau urte. Presiopean bizi zen; urte gehiegi zeramatzan zaleen, komunikabideen eta jokalarien jomugan. Zazpi denboraldi egin zituen inoizko Borussia Dortmund onena entrenatzen, eta sei sasoi zeramatzan Alemaniako talde handienean, Bayern Munichen. Tituluak barra-barra pilatu zituen, bai, baina, hainbat arrazoi tarteko, Hitzfeld nekatuta zegoen; hortaz, bolada batean, behintzat, futbola uztea erabaki zuen. Ibilbide sendoa duen batek badu hori egiteko ahalmena. Pertsona zuhurra da Hitzfeld, baina, iazko urtarrilean, Bayern Munichera bueltatu zen, taldeko buruek erregututa. Urte hasieran, ordea, heldu den ekainean taldea utziko duela iragarri zuen, taldea Bundesligako liderra izan arren. Lasaiago bizi nahi du Hitzfeldek; jada ez dago eguneroko presio itogarria jasateko prest. Ez du nahi. Gauza xumeagoekin konformatzen da; hartara, bi aukera ditu orain: Suitzako selekzioko hautatzaile izan edo telebista baterako esatari lanetan hasi. Laster erabakiko du zer egin, baina gauza bakarra daki: lasaiago bizi nahi duela.

Beste mito batek ordezkatuko du: Jurgen Klinsmann handiak, 2004 eta 2006 bitartean Alemaniako selekzioko hautatzaile izandakoak. Joan den ostiralean aurkeztu zuten. Ekainaren amaieran kargua utziko duela jakinda ere, Hitzfeldek serio jarraituko du. «Ekainean banoa, bai, baina bien bitartean serio lan egingo dut ahalik eta titulu gehien irabazteko», esan zuen entrenatzaile alemaniarrak, iragan urtarrilaren 7an emandako prentsaurrekoan. Hitzfeld ez dago zorretan Bayern Munichekin, eta horregatik lasai dago. 2003-2004ko denboraldia amaitu zenean, kargutik kendu zuten Bavierako taldeko agintariek, 2005eko ekainaren 30a arteko kontratua eduki arren. «Ottmarri egoera zein den azaldu diot, eta arazorik gabe onartu du», bota zuen orduan Bayer Municheko manager Uli Hoenessek. Halere, Hitzfeld ez zen asaldatu; bere onerako zela konturatu zen. Batzuen esanetan, Hoenessekin harreman txarra duelako hartu du erabakia...

Dena dela, iazko urtarrilean Hitzfeldengana jo zuen Franz Beckenbauer kaiser-ak, Municheko taldean agintzen duenak. Felix Magath kendu zuten kargutik, eta 1998 eta 2004 artean bederatzi titulu eman zizkion entrenatzaileari deitu zion, hau esateko: «Bayern entrenatzen hasi berriro. Bundesligan ez dugu zereginik, baina ahal duzuna egin Txapeldunen Ligan. Gero, ekainean, etxera itzuli». Hitzfeldek eskaintza onartu zuen. 2007ko ekainaren 30a arte eta kito. Txapeldunen Ligan Milanek kanporatu zuen final-laurdenetan eta Bundesligan bosgarren izan zen. Beraz, ez zuen denboraldi honetako Txapeldunen Ligan sartzea lortu. Halere, 2008ko ekaina arte jarraitzeko eskatu zioten berriro Beckenbaurrek eta Hoenessek. Eta Hitzfeldek baietz.

Halere, Hitzfeld aldatuta iritsi zen iazko urtarrilean Sabener Strasse 51ko zelaietara. Ilusioari eusten zion, baina ez zuen estututa bizi nahi. Izan ere, 2004tik aurrera lasai egotera ohitu zen. Beckenbaurrek deitu zion arte, esatari moduan ari zen Premiere telebista katean. Gustura zegoen, zegoen moduan. Egin kontu: 2004ko uztailean, uko egin zion Alemaniako selekzioko hautatzaile izateari. «Niretzat oso gogorra izan da ezetz esatea. Dena den, orain ez dut neure burua gai ikusten Alemaniako selekzioari behar den moduan laguntzeko», aitortu zuen orduan Hitzfeldek.

Izan ere, orduan akituta zegoen, jota. 1991 eta 2004 bitartean goi mailan entrenatzen aritu zen, eta presioak ito egin zuen. Gainera, depresioak ere hartu zuen tarte horretan, eta arazoak izan zituen emaztearekin. Hortaz, ez zegoen hautatzaile izateko prest; noiz eta Alemaniako Munduko Koparen atarian, gainera. Buelta asko ematen dizkio buruari, eta ez da erabakiak bat-batean hartu zalea. Horregatik, unibertsitate askotatik deitzen dute, taldeen zuzendaritzari buruzko eta estresaren inguruko hitzaldiak emateko. Izan ere, psikologiaren gaineko ezagutza handia du Hitzfeldek. Bere jokalariekin ere askotan biltzen da, nola taldean hala bakarka, motibazioa lantzeko.



MOTIBAZIOA LANTZEN. Horretan saiatu zen, hain zuzen, joan den denboraldian, iritsi berritan. Hitzfeldek zuzendutako lehen partidan Bayern Munichek 3-0 galdu zuen Nurembergen zelaian, eta entrenatzailea ez zen, ez, isildu. Epelak bota zituen: «Ez gara talde bat. Bakoitzak berea egiten du. Jokalariek oso poliki jokatzen dute, paseak gaizki ematen dira, eta ez dira bakarkako jokaldiak egitera ausartzen». Jokalariak ere izan zituen ahotan. Lucio atzelari brasildarrari buruz «anarkista» bat zela esan zuen: «Bere taldekideak arriskuan jartzen ditu, askotan zentzurik gabe igotzen delako». Eta Oliver Kahn atezain eta kapitain beteranoa motibatzeko modu bitxia erabili zuen: «Askotan esan diot: haserretu egin behar duzu, oldarkorra izan behar duzu. Ezin du konformista baten gisara jokatu, bestela ez litzateke Oliver Kahn izango. Aldagela bateko atea ostikoka apurtzen ikustea gustatuko litzaidake berriro».

Kahn izan zen Hitzfeldek moldatutako Bayern beldurgarri eta txapeldunaren ikur nagusia, Effenbergekin batera. 1998 eta 2004 artean bederatzi titulu irabazi zituen talde hark; tartean, 2001eko Txapeldunen Liga. Egia esan, talde fidagarria zen Bayern hura: sendoa, lehiakorra eta eraginkorra, oso eraginkorra. Atean, Kahn sasoi betean. Atzeko lerroan Patrick Andersson, Linke edota Kuffour ghanarra, eta hegaletan Lizarazu lapurtarraren eta Salihamidzic bosniarraren abiadura eta indarra. Zelai erdian Effenberg sutsuak hartzen zuen aginte makila, eta Schollena zen talentua eta klasea. Aurrean, berriz, Elber brasildarrak sartzen zituen golak. Hori zen 2001ean Txapeldunen Liga irabazi zuen taldearen bizkarrezurra. 1999ko finalak utzi zien zapore mingotsa gozatu zuten Bayerneko jokalariek, San Siron (Milan), Valentzia penaltietan mendean hartuta. Izan ere, Manchester Unitedek 1999ko titulua ostu zion Bayerni, Camp Noun, azken unean bi gol sartuta.

Hitzfeld Bayerneko entrenatzailea zen bitartean, Txapeldunen Ligako faboritoetako bat zen beti Bayern Munich. 2003an izan ezik, 1998 eta 2004 bitartean urruti iritsi zen: 2001ean txapeldun, 1999an txapeldunorde, 2002an eta 2000n finalerdietara, eta 2004an final-zortzirenetara. Ordurako, Hitzfeldek berak osatutako taldea desegiten hasi zen, ordea.



BORUSSIA BELDURGARRI HURA. Bayern Munichekin talde ezin lehiakorragoa osatu bazuen, Borussia Dortmundekin urte batzuk lehenago osatu zuena ez zen atzera gelditzen. Suitzako Ligako taldeetan trebatu eta gero, larri antzean zebilen Borussia Dortmund entrenatzeko ardura hartu zuen 1991n. Hurrengo urtean, gutxigatik ez zuen Bundesliga irabazi, eta 1998 bitartean hazi besterik ez zen egin taldea. Hitzfeldek hartu zuenean, Westfallenstadioan gutxi batzuk biltzen ziren; utzi zuenean, berriz, Alemaniako zale sutsuenak ziren Borussia Dortmundekoak. Normala zen, tarte horretan gozatu ederrak hartu zituztelako. 1993an, esaterako, UEFA Kopako finala jokatu zuen, eta 1995ean eta 1996an Bundesligan nagusitu zen. Europako lehiaketetan ere, puntatik gertu: 1994an UEFA Kopako final-laurdenetara eta 1995ean finalerdietara. 1996an, berriz, Txapeldunen Ligan egin zuen debuta. Finalera heldu zen Ajaxek kanporatu zuen final-laurdenetan. Hurrengo denboraldian, berriz, titulua irabazi zuen Juventusi nagusituta. Hitzfelden egitasmoak goia jo zuen Munichen jokatutako finalean. Klos, Reuter, Kree, Moeller, Chapuisat, Riedle, Paulo Sousa eta Sammer handiak jokatzen zuten talde hartan. Hitzfeldek denboraldi bat gehiago egin zuen entrenatzaile gisa, eta 1998an, berriz, finalerdietara heldu zen. Borussia Dortmund 1990eko hamarkadako talde onenetakoa izan zen.

Bi talderekin puntaren puntan ibili zen. Egun, titulu gehien irabazi duen Alemaniako entrenatzailea da. Beraz, nahi duena egin dezake, erronka berriak bilatu; ez dago inorekin zorretan. Horregatik, lasaiago bizi nahi du, begizulorik gabe, presiorik gabe. Suitzako hautatzailea izango da Eurokoparen ondoren, edo, garai batean bezala, esatari lanetan hasiko da berriro. Berak nahi duelako, ahal duelako.



oTTmar HITzFeLD

Jaiolekua: Lorrach (Alemania).

Jaioteguna: 1949ko urtarrilaren 12an.

Ibilbidea: Zug (1983-1984), Aarau (1984-1988), Grasshoppers (1988-1991), Borussia Dortmund (1991-1998), Bayern Munich (1998-2004 eta 2007-2008).

Tituluak: Bi Txapeldunen Liga (1997an eta 2001ean), bi Kopa Interkontinental (1997an eta 2001ean) Alemaniako sei liga (1995ean, 1996an, 1999an, 2000an, 2001ean eta 2003an), Alemaniako bi Kopa (2000an eta 2003an), Alemaniako Superkopa bat (2003an), Suitzako bi liga (1990ean eta 1991n) eta Suitzako hiru kopa (1985ean, 1989an eta 1990ean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.