Liga hasiz geroztik gol gehien jaso duten bi taldeak izango dira gaur arratsaldean aurrez aurre Nafarroako Erresuman. Ate batean eta bestean golak izan daitezkeela dirudi, beraz, baina Realari irabazi ondoren, Zaragoza lasai antzean iritsiko da Iruñera, sailkapeneko bederatzigarren postuan kokatuta; aldiz, azken bost partidetan bi porrot eta hiru berdinketa bildu ostean, Osasunak puntu premia larriagoa dauka. Hala ere, sailkapeneko hamabosgarren postuan, jaisteko postuetatik bi puntura soilik izanagatik, denboraldia hasi besterik ez da egin, eta Zaragozari irabaziz gero, Javier Aguirreren jokalariei ere aurre hartuko diete gorritxoek. Hori da helburua, noski. Sasoiko bigarren partida irabazi nahi dute nafarrek, Sporting menderatu zutenetik bi hilabete igaro baitira.
Azken emaitzak onak izan ez badira ere, Mendilibar lasai dago. «Oraindik goiz da ondorioak ateratzen hasteko. Egia da azken bost partidetan hiru puntu batu ditugula, baina Liga hasiz geroztik jokatu ditugun zazpi partidetatik bi soilik galdu ditugula ere gogoratu genezake». Entrenatzailearen ustez, «hamabi talderen arteko lehia» izango da mailari eusteko. «Bakarren bat irtengo da lehia horretatik, baina gehienok amaiera arte lehiatu beharko dugu, eta lan asko geratzen zaigu oraindik. Berdinketekin puntuak batzea lan nekeza dela ukatzerik ez dago, baina lasai gaude». Orain puntuak batu nahi dituztela adierazi zuen Mendilibarrek. «Baina azken bi partidetako sentsazio txarrak ere zuzendu nahi ditut».
Zaleen erantzunaren zain
San Mameseko derbiaren bezperan Osasunako entrenatzaileak egin zituen adierazpen polemikoek zeresan ugari eman dute aste honetan Taxoaren. Zaragozaren aurkako partidaz baino gehiago hitz egin da, ia-ia, Osasunaren eta Athleticen arteko harremanei buruz zaldibartarrak eman zuen iritziaz. Dena dela, afera hori ahaztu eta arreta guztia partidan jarri nahi du Mendilibarrek.
Hori bai, Nafarroako Erresumako zaleek entrenatzailea nola hartuko duten ikusi beharko da. «Zaleek beti arrazoia izaten dute. Nire erruagatik edo ondo jokatzen ari ez garelako babesa ukatzen badigute, arrazoia izango dute. Baina ni hona iritsiz geroztik taldearen ondoan izan dira beti». Lamah eta Roversio min hartuta daudenez, hasierako hamaikakoan aldaketak egitera derrigortuta dago Osasunako entrenatzailea.
Lasaitasuna lortzeko
Azken emaitza txarrak eta Mendilibarren adierazpen polemikoak ahazteko, irabazi beharra dauka gaur Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu