Lasaitu ederra hartu dute

Jaitsiera postuetan jarraitzen du Osasunak, baina Levanteren aurkako garaipen argiak konfiantza hartzeko balio diezaiokeIgandeko derbia aukera ona izan daiteke gorritxoek gorako bidean sendotu daitezen

Iruñea
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Sasoiko lehen bost jardunaldietan puntu bakarra batu ostean, partida arrunt bat baino zerbait gehiago zen Levanteren aurkako norgehiagoka Osasunako jokalarientzat. Lehen zatian konfiantza falta nabaritu egin zen Jose Luis Mendilibarrek entrenatutakoen jokoan, baina bigarren zatian lau gol sartu eta sasoiko lehen partida irabazi ostean hainbeste falta zaien konfiantza berreskuratzeko lehen pausoa eman dute

Lasaitu ederra hartu dute gorritxoek. Jaisteko postuetan jarraituko dute beste astebetez, gutxienez, baina gauzak ondo eginez gero irabazteko gai direla ikusi dute, eta behetik gorako bidean aurrerapausoa eman dute. Partida bakar bateko kontua ez dela izan erakustea falta zaie orain, eta igandean aukera polita dute beste aurrerapauso bat emateko, San Mamesen, Athleticen aurka.

«Zalantza batzuekin hasi gara, eta pase txar asko eman ditugu. Orain arteko bolada txarraren ondorioa ziren zalantza horiek, nire iritziz, baina lehen golarekin desagertu egin dira zalantzak. Askeago jokatu ahal izan dugu, eta handik aurrera partida polita jokatu dugula uste dut», aitortu zion BERRIAri Oier Sanjurjok partida amaitu berritan.

Lizarrako jokalariak lan ederra egin zuen defentsako eskuin hegalean, eta lehen aldiz kolpe batez hiru puntuak batu eta gero poza nabaria zen haren aurpegian. «Eroso sentitu naiz zelaian, fisikoki gero eta hobeto nago. Hasieratik jokatzen dudan hirugarren partida da jarraian, eta hori nabaritu egiten da gero. Norgehiagokaren amaieran erasora jotzeko indarra ere izan dut. Pozik nago, beraz».

Zaleen babes ikaragarria lortu du Oierrek partida gutxitan, eta igandean kapitain lanak ere egin zituen. «Intentsitatea erakusten saiatzen naiz, eta badirudi jendeari gustatu egiten zaiola hori. Lehen taldean ez nuen inoiz kapitain lanak egiteko aukerarik izan, baina bai bigarren taldean. Gaur, hamaikakoan nafar bakarra neu nintzenez, aukera eman dit entrenatzaileak, eta ohorez eraman dut besokoa. Behar genuen horrelako partida bat, irabazteaz gain gure atea hutsean utzi ahal izan dugu. Ea horrek konfiantza berreskuratzen laguntzen digun».

Joseba Llorentek ere partida irabaztearen garrantzia azpimarratu du. «Iritsi da azkenean sasoiko lehen garaipena, eta beharra bagenuela ukatzerik ez dago. Oso garrantzitsuak dira guretzat hiru puntu hauek, lanean lasaitasun apur bat gehiagorekin jarraitu ahal izateko». Aurrelariak aitortu zuen «normala» zela lehen bost partidatan puntu bakarra lortu eta gero jendea konfiantza handirekin ez egotea. Lehen golak, baina, hauspoa eman zien. «Lehen golaren ostean konfiantza handiagoarekin aritu gara; presioa gorago egitera ausartu gara; ondo erabili dugu baloia, eta buruarentzat asko balio duen garaipena lortu ahal izan dugu». Golik sartu ez arren, pozik zegoen. «Taldeak luze jokatu behar duenerako nago prest. Borroka guztietan egoten saiatzen naiz, eta ez dut kikiltzeko asmorik. Batzuetan gola sartuko dut, eta beste batzuetan ez, baina gaur irabazi egin dugu, eta irabazitakoan irribarre handi batekin joan ohi gara jokalariak etxera gola sartu ala ez».

San Mamesko partida du orain begiz jota Osasunako aurrelari hondarribiarrak: «Partida gogorra izango da. Athletic ez dago une gozoan, eta gu ere ez. Hala ere, azken partida irabazi ostean iritsiko gara igandeko lehiara. Gora begira jartzeko aukera polita da».

Mendilibar, zuhur

Denboraldi honetan lehen aldiz partida bat irabazteak Osasunari lasaitua eman diola egia izanagatik, Iruñeko taldea oraindik sailkapeneko azken postuetan dagoela ahaztea ez da komeni. Mendilibarrek Levanteri irabazi osteko prentsaurrekoan esandako hitzak taldearen inguruan pitz daitekeen euforia baretzeko izan ziren. «Emaitza soilik ikusten duenak erraz irabazi dugula ondorioztatu dezake, baina ez da partida erraza izan. Garaipen honek konfiantza eman behar digu, baina ezin gara lasaitu, partida bat besterik ez da izan hau. Norgehiagoka bat irabazteagatik onenak garela pentsatuta joaten baldin bagara San Mamesera, lau gol sar diezazkiguke Athleticek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.