Arretxe II.a 10. Aritz Lasa 22

Lasak ikusi du non zen zuloa

Arretxek eskua mindu du partidaren hasieran, eta Urretxukoak aski izan du serio jokatzea aurrera egiteko

Imanol Magro Eizmendi.
Legazpi
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Iraupena. 38 minutu.

Pilotakadak. 176.

Saketik. Arretxe II.ak, alerik ere ez; Lasak, bost eta falta bat.

Markagailua. 4-0, 4-4, 4-10, 5-10, 5-13, 6-13, 1-14, 9-14, 9-20, 10-20 eta 10-22.

Bestelakoak. Betekada Legazpiko Urbeltz pilotalekuan: 550 ikusle. Apustuak 100-80ri irten ziren Lasaren alde. Jaialdiko aurrenekoan, Berasaluze VIII.a-Apraizek 22-11 irabazi zieten Titin-Ceciliori.

Aritz Lasa buruz buruko txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu zen atzo, Iker Arretxeren aurka serio jokaturiko partida bat irabazita (10-22). Arretxe II.ak eskuin eskua mindu zuen hasieran, 4-3koan, eta erraztasun ugari eman zizkion. Lasak, ordea, piloteoan agintzea nahikoa izan zuen aldea ireki eta bukaerara arte arazorik gabe eusteko. Hurrengo partidan Asier Olaizola izango du aurkari, eta Urretxukoak ustekabea eman dezake, buruz buruko hiru partida irabazi baititu jarraian —bi atariko jokatu ditu—, eta sasoi betean dago.

Lasak zoriontsu egin zituen Legazpiko pilotalekura joandako zale gehienak. Gertukoa izaki, haren tantoek txalo gehiago jaso zuten. Halere, hasiera ez zen ona izan, Arretxe 4-0 aurreratu baitzen sake erremateari esker. Piloteoan, baina, Lasa gehiago zen. Sotamano eta boleaka aritu ziren; irabazlea 4-3 hurreratu zenean, Arretxek atsedena eskatu zuen.

Lasak bukaeran onartu zuenez, takoak mugitzen ikusi zuen aurkaria. Eskuin eskua minduta zeukala ikusi, eta partida gogortzea erabaki zuen. Hori gutxi ez, eta zabalera sakatzen ere hasi zen, mindutako eskuaren bila. Estrategiak fruitua eman zuen, eta tartea ireki zuen (6-13). Aurkaria minez ikusita, ia ez zuen jokaldirik bilatu; zuloa atzean zegoen, eta irabazteko bidea hauxe zen: Arretxek aukerako pilota utz zezala eragitea.

Halere, Luzaidekoa 9-14raino hurreratu zen Lasaren hutsei esker. Irabazleak ondo jokatu zuen, baina erakustaldirik eman gabe, eta bazirudien lotu samar zegoela, deseroso. Zorteko jokaldi batean, baina, Arretxek lehen koadrotik txapara bidalitako bolea bati esker, sakea berreskuratu, eta ia bukaera artekoak egin zituen (10-20). Ez zen partida ona izan. Buruz burukoak hasiera iluna izan du.

Partida zaila Gonzalezentzat

Sebastian Gonzalezek eta Mikel Urrutikoetxeak txapelketako bigarren partida jokatuko dute gaur Urduñan, Bizkaian (22:15, ETB1). Azkainekoa da faborito, baina kostako zaio artekariei arrazoia ematea, Urrutikoetxeak dohain handiak dituelako buruz buruko jokorako. Binakakotik kanpo gelditu ondoren, Gonzalezek aldarrirako baliatu nahi du txapelketa. Duela bi urteko lau t'erdiko txapelketan elkarren aurka jokatu zuten, eta Gonzalezek nagusitasunez irabazi zuen (22-9).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.