Vueltako analisia egiteko gizon aproposa da Marino Lejarreta. Gertu-gertutik jarraitzen du lasterketa Liberty taldeko autotik, eta ondo baino hobeto daki txirrindulari bakoitzaren sasoia ona edo txarra den.
Vueltak lehen erdia egin du, zein da zure balantzea?
Denetik gertatu da, baina gehiegi ere ez. Taldekako erlojupekoa, banakakoa eta mendiko bi etapa korritu dira. Gauza batzuk ikusi dira, baina egoera pil-pilean dagoela esango nuke. Faboritoak lekua hartzen hasi dira, zer gerta litekeen suma daiteke. Nozal-Heras bikoa beste guztien aurka arituko dela da nire balantzea.
Nozali buruz ari zarenla, badago halako joera bat bere hautagaitza baztertzeko, baina agian bera izan da Vueltako txirrindulari indartsuena lehen erdian.
Nozalek iazko gaitasun bera du, baina artean ez zeukan dohain garrantzitsua du orain: nortasuna. Iaz bizkar gain hartu behar izan zuen erantzukizun osoa, Igor Galdeano espero baino ahulago aritu zelako, eta morrontza lana barneratuta duen norbaitentzat taldeko ardura hartzea ez da erraza. Fisikoki ez, buruz sufritu zuen gehiago, baina aurten indartsuagoa da, zaildu egin da, eta sinetsi egin du lidergoa hartzeko beharra izan dezakeela. Herasi laguntzea da bere lehen zeregina, baina hark kale egiten badu, bera prest dago.
Bietako zein da Libertyko taldeburua?
Geratzen diren etapei begiratuta, Heras, igotzaile petoa delako. Etorkizunak argituko du nor den nagusia, baina Herasen aldekoa da apustua. Nozalek lan egin beharko du eta Heras erresistentzi handiko txirrindularia da itzuli handietan. Hobera egingo du bigarren erdian.
Valverdek erorketa larria izan zuen herenegun. Garaiz osatuko dela uste al duzu?
Nahi nuke, kirol lehia ikusgarria izango zelako Heras-Nozal eta Valverderen artean, baina normalena erorketak eragina izatea litzateke, eta Valverde Vuelta irabazteko lehiatik at geratzea, erabaki larriagoren bat hartzen ez badu. Pena da, baina txirrindularitza horrelakoa da.
Valverde gabe Libertyk eskura du ia-ia Vuelta.
Beno, hori ikusteko dago. Ni iritzi bat ematen ari naiz, eta agian, biharko [gaurko] etapan Herasek ordu erdi galduko du, batek daki. Mancebo gertu dago, Sastre eta Aitor Gonzalez ere hurran daude... Mancebok, dena den, ez du erasotzeko joerarik, eustekoa baizik.
Valverderekin edo gabe, jakina da zuen taktika. Lasterketa lehertzen saiatu Heras lidergoan jartzeko. Aukera ezin hobea duzue gaur, ezta?
Hala da, bai. Mendiko etapetan talde indartsuena garela garbi geratu dela uste dut, eta Igor Galdeano ere, Xorret del Catin egin zuen lana eta gero, laguntza garrantzitsua izango da. Non hasiko garen ez dakit, baina ahalik eta gehien penatu behar ditugu aurkariak, Herasek ahalik eta alde handiena izan dezan helmugan.
Ezagutzen al dituzu gaur igoko diren mendateak?
Nik ez, baina Manolok (Manuel Saiz, Libertyko kirol zuzendaria) eta txirrindulariek diotenez, Tourreko mendiko etapa baten traza du. Vueltako gogorrena da, eta erabakigarrienetakoa ere bai. Navacerrada mendatean bukatzen dena ere gogorra da, baina ordurako txirrindulariak oso nekatuta egongo dira, eta zaila izango da biharko [gaur] aldeak errepikatzea.
Hainbesterakoa izango al da?
Ondo bidean bai. Aurrean daudenen artean aldeak ez dira handi-handiak izango, agian, baina 10 edo 20 minutu galduko duen karrerista asko izango da.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA
«Lastima da, baina normalena Valverde lehiatik kanpo geratzea litzateke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu