afarroako kirolariek ez dute aitzakiarik alferkerian egoteko, eta jardun franko dute giharrak sasoian ukaiteko. Izan ere, Nafarroako Federazioak, eta bistan da, horren inguruan diharduten guztiek, txapelketetan jarduteko aukera ematen die kirolariei; neurri batean, esan daiteke biziki mimatzen dituela.
Igandean, esate baterako, Jokoen Torneoari amaiera eman zioten. Heldu den uztailaren 8an hasi eta uztailaren 14ra bitarte, berriz, Nafarroako hainbat txapelketa eta erakustaldi antolatu dituzte Iruñeko sanferminetarako, eta abuztuaren erdialdean hasiko da taldeen arteko Herriz Herri. Horiez gain, ohiko aizkora eta sokatira txapelketak ere jokatzen dira.
Kirolariek, taldeka jarduteko usadioa ere badute. Horietako bat, Igantziko lasto altxatze taldea dugu. Sei kirolarik osatzen dute, eta astean hirutan biltzen dira entrenatzeko. Mielanjel Etxarte da arituena, 12 urte egin dituelarik kirol horretan. Honela gogoratzen du hastapena: «Ipar Euskal Herriko batekin hasi ginen, eta, ikastaro eta guzti egin genuen, Amaiurren».
«Hasi ginen» aipatu duenean, Eduardo Eugiz eta Zelaieta zenaz ari da igantziarra. Eugik, arazo fisikoengatik utzi du. Nafarroako txapelduna izateaz gain, Euskal Herrikoa ere izan zen. Lasto altxatzearen ezaugarriez galdetuta, hauxe dio Etxartek «Indar handia behar dela diote, baina nik uste dut beharrezkoagoa dela teknika. Esate baterako, guk lau hilabeteko prestakuntza egin eta 8 altxaldi lortu genituen. Orain, aldiz, jasoaldi gehiago egiten dugu; teknika, dezente landu baitugu».>
Etxarte: «Buru hotza ere behar da lasto altxatzen»
Teknika hobetzeari buruz hau esan du: «Besteen lana begiratzea eta aztertzea garrantzitsua da. Horrez gain, buru hotza behar da. Etxean, esatera, ez zaigu kasik inoiz hatzik erre sokaren irristatzearekin, baina lehian bai, urduritasunagatik».
Aurrera begira, Etxartek Iñaki Bereau eta Xabi Sein ikusten ditu indartsuenak. Taldeko giroa ere goraipatu du Etxartek: «Oso ongi moldatzen gara. Irabazten dugun diru apurra banatzen dugu, eta txapelketetan elkarri laguntzen diogu».
Lasto-fardoa goratzen trebeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu