Antxon Basurko pasaitarra 65 urtetik gorako 60 metroko proban lehiatu da gaur arratsaldean, Pista Estaliko Beteranoen Europako Atletismo Txapelketan. Bigarren postuan geratu da, eta beraz, finalerako sailkatuta zegoen, baina antolatzaileek kanporatu egin dute, Euskal Herriko elastikoarekin lehiatu delako.
Basurkok BERRIAri azaldu dionez, oso gustura geratu da egindako lanarekin, bere nahia Euskal Herriko elastikoarekin lehiatzea baitzen. Gainera, lesionatuta egon da, eta lasterketan bigarren postua lortzearekin eta finalerako sailkatzearekin pozik agertu da.
Kanporatutako gainerako atletetatik batek atzo egin zuen korrika, eta beste biek gaur.
Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakariak jakinarazi duenez, 2007an legedia aldatu zuten, eta geroztik atletak fitxa duten herrialdeko kamisetarekin lehiatu behar dira.
Atzo, lehia hasi zen egunean, Euskal Herria ordezkatzen duen elastikoarekin parte hartzen zuen atleta bat kaleratu egingo zutela esan zuen Europako Atletismo Federazioak. Zehazki, Ipar Euskal Herriko atletek Frantziako selekzioaren arropa janztea derrigorrezko izango zutela adierazi zuen, eta Hego Euskal Herriko ordezkariek, Espainiakoa.
Txapelketako egutegi osoa, hemen.