Zortzi zerrendaburuak tartean egonda, ezin bestela izan. Eta lau kanporaketa gogor-gogor egokitu dira Txapeldunen Ligako final-laurdenetan. Manchester Uniteden aurka ariko da Bayern Munich egungo txapelduna —Ingalaterran jokatuko da joaneko partida, apirilaren 1ean, eta Alemanian itzulikoa, apirilaren 9an—; Espainiako Ligako talderik indartsuenetako bi, Bartzelona eta Atletico Madril, elkarren aurka ariko dira beste kanporaketa batean—Bartzelonan jokatuko da joanekoa, apirilaren 1ean, eta Madrilen itzulikoa apirilaren 9an—. Gogorra eta ikusgarria izango da PSG-Chelsea kanporaketa, itzuliko partida Londresen dutela —apirilaren 2an jokatuko da joanekoa, eta apirilaren 8an itzulikoa—.
Eta, begiratu batera, Real Madrilen eta Borussia Dortmunden artekoa da kanporaketarik desorekatuena, ondo bidean madrildarrek arazo handirik gabe egin beharko luketelako aurrera. Aurreko denboraldian finala jokatu zuten alemaniarrek, Bayern Munichen aurka, baina koska bat behera egin dute ordutik. Real Madril, berriz, lider dago Espainiako Ligan eta Txapeldunen Liga irabazteko faborito argietako bat da. Madrilen jokatuko da joaneko partida, apirilaren 2an eta Dortmunden itzulikoa, apirilaren 8an. Behin final-laurdenetako kanporaketak jokatuta, apirilaren 11n egingo dute finalerdietako zozketa.
Final-laurdenak:
Bartzelona-Atletico Madril (apirilak 1 eta 9)
Real Madril-Borussia Dortmund (apirilak 2 eta 8)
PSG-Chelsea (apirilak 2 eta 8)
Manchester United-Bayern Munich (apirilak 1 eta 9)