Aurreko urtean Ferrarik nahierara irabazi zituen bi txapelketak. Dagoeneko bost urtez jarraian irabazi dute, eta ziklo guztiek dute amaiera. Aurten denboraldia hasteko aukeratu duten bideak ez dirudi oso egokia, bi autoren artean banatu baitituzte indarrak. Hasiera zaila izango du taldeak.
Ferrarik iazko F2004 autoaren bertsio batekin ekingo dio denboraldiari, F2004M deiturikoa M modificato-gatik, F2005 autoa urteko bosgarren lasterketan, Katalunian, erabiltzeko asmoa baitu lehen aldiz. Horrek esan nahi du bi auto prestatzen aritu direla, iazko autoak aldaketa garrantzitsuak behar baititu aurtengo araudia betetzeko. Lehenengo autoak lau lasterketa edo gutxiago korrituko dituenez, Ferrarik ez du aparteko baliabiderik erabili nahi izan hartan.Itxura guztien arabera, aurten Ferrarik ez du asmatu F2004M autoarekin. Iaz auto horrek erabat dominatu zuen, baina aldaketa gehiegi izan dira arautegian eta horrek auto berria eskatzen du. Horrez gain, italiarrek titulua oso goiz irabazi zuten, eta inoiz baino lehenago utzi zuten F2004 autoaren garapena F2005ean hasteko; hala ere, gehiegi luzatu da prozesua.
Neguko saioetan ikusi denez, auto horrek zailtasunak ditu Renault eta McLarenen azken lanen parean aritzeko. Horregatik alarmak jo du Ferrarin, eta auto hau lehenbailehen jubilatzeko asmoa dute. Arazoak daude zentzu guztietan: lau lasterketa korritzeko diru asko inbertitu dute F2004M autoan, eta F2005 autoak oraindik ez du kilometro bat ere osatu.
Hainbeste denborak zertarako balio izan duen ostiralean ikusi zen, F2005 autoaren aurkezpenean. Araudiak inposatzen dituen aldaketak alde batera utzita, azken urteotan diseinuan harturiko bideetan sakon- du dute, zenbait aportazio berriz eta besteei lapurtutako ideiez lagunduta.
Txasisaren diseinua ia ez da aldatu muturretik gidariaren parera arte. Hor hasten dira diferentziak, erradiadoreen aire sarrerak behealdera nabarmen estutzen baitira. Orokorrean, txasisaren diseinuan funtzio bat inposatu da: atzeko aleroiak ahalik eta haize kopuru handiena eta garbiena jasotzea. Horregatik aleroiaren aurrean zona garbia, oztoporik gabea sortu dute. Haizea ongi bideratzeko hegaxkaz bete dute autoa: motorraren estalki gainean bi hegaxka maila eta abiadura kaxaren gainean beste bat, ia autoaren zabalera guztia hartzen duela.
Pneumatikoak hobeto zaintzeko, berebiziko garrantzia du gidaketan oso fina izateak. Horretarako, lagundutako direkzio sistema elektroniko berria sortu dute, bihurgune sarrera nahiz irteeran gidariak hobeto kontrola dezan. Balaztatze sisteman ere elektronikaz baliatuko dira uneoro aurrealde-atzealde indar banaketa egokia izan dadin eta honela gurpil blokeoak gutxitzeko.
Lau lasterketarako autoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu