Lau talde gaur sailkatu daitezke aurreneko kanporaketarako

Inter, Manchester, Lyon eta Bartzelona Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan ariko dira irabazten badute

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Inter Milan iazko txapelduna, Olympique Lyon, Manchester United eta Bartzelona gaur bertan sailkatu daitezke Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako. Lehen fasea bukatzeko beste bi partida faltako badira ere, lau talde horiek gaur irabazten badute dagoeneko ziurtatuta izango dute lehen kanporaketetarako txartela. Schalke 04 eta Kopenhage ere antzera daude. Euren multzoetako bigarren postuetan, gaur irabazita aurrerapauso handia emango lukete.

Inter txapeldunak Tottenham A multzoko bigarren sailkatuari egingo dio bisita. Teorian lehen faseko partidarik zailena beharko luke, eta irabazita, sailkapenaz gain, multzoko lehen postua ere ziurta dezake Lonbardiako taldeak. Interrek Cambiasso erdilaria eta Julio Cesar atezainaren hutsuneak izango ditu, eta Milito eta Pandev aurrelariak oraindik ez daude partida osoa jokatzeko moduan. Tottenhami dagokionez, Harry Redknappek ez du hutsune garrantzitsurik deialdian. Duela bi aste bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten Milanen, eta Inter 4-0 aurreratu zen arren, Tottenham balentria lortzekotan egon zen Gareth Balek azken txanpan sarturiko hiru golei esker (4-3). Ezker hegalekoa hasieratik ariko da gaur. Multzoko beste partidan Twentek eta Werder Bremenek neurtuko dituzte indarrak.

B multzoan, Olympique Lyonek aurreneko hiru partidak irabazi ditu, eta gaur Benfica hirugarren sailkatuaren La Luz estadioan jokatuko du (20:45, TF1). Lyon itxura txarra ematen ari da Frantziako ligan, eta Txapeldunen Liga arnasbidea izan da orain arte Claude Puel entrenatzailearentzat. Benficak, berriz, ia derrigorrezkoa du irabaztea, gaur galdu eta multzoko beste partidan Schalkek Hapoeli Jerusalenen irabaziko balio ia ezinezkoa izango lukeelako aurrera egitea.

Manchester Unitedek Turkian jokatuko du gaur, Bursasporren aurka. Etxeko taldeak ez du punturik lortu C multzoko lehen hiru partidetan, eta zail izango du uzta gaur hastea. Alex Fergusonek hutsune garrantzitsuak ditu atzeko lerroan, eta Rooneyk, Andersonek eta Owenek min hartuta jarraitzen dute. Gaurko partida garrantzitsua da Manchesterrentzat, Valentziak eta Glasgow Rangersek, hirugarren eta bigarren sailkatuek, hurrenez hurren, elkarren aurka jokatuko dutelako Valentzian (20:45, TVE1), eta Deabru Gorriek lehen postua ere ziurtatu dezaketelako.

Azkenik, Bartzelona da gaur hurrengo faserako sailkatu daitekeen azken taldea. Pep Guardiolak zuzentzen duen izar multzoak Kopenhageren, Txapeldunen Ligako orain arteko ustekabeko handienaren estadioan jokatuko du. Duela bi aste Bartzelonan jokatu zuten, eta multzoko liderrak 2-0 irabazi zuen partida lasai batean. Kopenhageri dagokionez,etxean jokaturiko Txapeldunen Ligako azken hamar partidetatik bederatzi irabazi ditu, baina gaur zail izango du boladari eustea, Bartzelonak jokalari onenak zelairatuko baititu. Multzoko beste partidan Rubin Kazanek Panathinaikos hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.