Lau t'erdiko Asegarceren lehen bi partidak Iruñean jokatuko dira

Berasaluze VIII.a Arretxe II.aren aurka ariko da larunbatean, Labriten, eta Olaetxea, Ruizen kontra

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketako lehen kanporaketako partida guztiak non eta noiz jokatuko ziren zehaztuta dago dagoeneko. Asegarcerenak falta ziren, eta biak Iruñean jokatuko dira, larunbatean. Jaialdiko estelarrean Patxi Ruizek eta Mikel Olaetxeak neurtuko dituzte indarrak; jaialdiko hirugarren partidan, berriz, Iker Arretxek Pablo Berasaluzeren kontra jokatuko du. Jaialdia osatzeko, Iñaki Izak eta Iker Taintak 2. Mailako txapelketako partida jokatuko dute. Pilotak bihar aukeratuko dituzte (11:30), eta sarrerek 30, 20 eta 15 euro balioko dute.

Aspeko partidak aurretik ziren ezagunak. Ostiralean, Antzuolan (22:15), Aritz Lasak eta Mikel Urrutikoetxeak jokatuko dute. Jaialdi berean Aitor Mendizabalek —Antzuolako semea da— Jose Javier Zabaletarekin neurtuko ditu indarrak, 2. Mailakoan. Lau t'erdikoaren lehen kanporaketako azken partida Eibarren jokatuko da, Mikel Idoate eta Ekaitz Saralegiren artean. Jaialdi berean 2. Mailako txapelketako beste bi antolatu dituzte: Miguel Merino Mikel Olazabalenkontra lehenbizi, eta Gorka Esteban Jon Jaunarenaren aurka gero. Aspekoek etzi aukeratuko dituzte pilotak.

Asteburuan Bigarren Mailako txapelketako beste partida bat jokatuko da, ostiralean, Naiaran (Errioxa). Jokin Argote eta Aberto Untoria ariko dira. Bi mailetako partidetako irabazleek hurrengo astean jokatuko dituzte bigarren kanporaketak.

Goikoetxeak, erraz (30-12)

Iñaki Osa Goikoetxea-k partida erraz batekin ekin zion atzo buruz buruko zesta-punta txapelketari, Gernikan. Zumaiarrak txapela bederatzigarren aldiz irabazteko faborito nagusia zergatik den erakutsi zuen Aritz Erkiagaren aurka (30-12). Ispasterko aurrelariak belauneko lesio bat pasatu berri du, eta berez Goikoetxeari aurre egitea zaila bada, atzo are zailagoa egin zitzaion.

Hasieran oreka pixka bat egon zen arren (10-6), Goikoetxeak izerditan hastea aski izan zuen partida hausteko (21-12). Txapeldunak Landerrek eta Hernandezek jokatuko duten partidako irabazlea izango du aurkari finalerdietan.

Buruz burukoaren beste bi final-laurdenak larunbatean jokatuko dira, Markinako Uni-an. Lopezek Irastorzaren aurka jokatuko du, eta Erkiaga II.ak, Konpa beteranoaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.