Lau t'erdiko txapelketako finala Gasteizen jokatuko da, abenduaren 8an. Arabako Pilota Federazioak jakinarazi duenez, Enpresen Ligarekin akordio batera iritsi da finala Ogeta pilotalekura eramateko. Iaz ere bertan jokatu zen eta aurtengo txapelketaren aurkezpen egunean jakina zen Gasteizko Udalak "interesa" zuela. Arabako Federazioaren hitzetan, Bilbo eta Donostiko aukera ere aztertu dute enpresek.
Finalerdiak bihar eta etzi jokatuko dira. Bihar Aimar Olaizola eta Ekaitz Saralegiren artekoa, Iruñean. Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxearen artekoa, berriz, etzi, EIbarren.