“Aimarri ezin diodala irabazi pentsatuko banu ez nintzateke frontoira agertuko, eta etxean geldituko nintzateke. Amets egitea libre da. Gauzak zail jartzen saiatuko naiz. Eta, ahal badut, sustoa ematen”, esan du aste honetan Julen Retegi Retegi Bi-k, eta sustoa baino gehiago eman dio gaur Iruñean Aimar Olaizola Olaizola II.a Lau t’erdiko Txapelketako egungo txapeldunari, irabazi egin baitio (22-11).
Partzialak: 9-0, 9-2, 10-8, 14-8, 16-9, 22-11. Lotsagabe aritu da Retegi Bi Labriten eta, gainera, peloteoan dominatuz eta fisikoki eutsiz. "Partida biribila jokatu dut", aitortu du.
Finalerdietara sailkatu da hala, aurreneko aldiz. Iaz jokatu zuen lau t’erdiko bere lehenengo txapelketa: bi kanporaketa gainditu zituen -Sebastian Gonzalezen eta Alberto del Reyren kontra-, eta Abel Barriolak utzi zuen ligaxkatik kanpora. Aurten lehen kanporaketan 22-8 irabazi zion Mikel Olaetxeari eta bigarrengoan 22-15 Patxi Ruizi.
Olaizola II.ak (Goizueta, Nafarroa; 1979) aurtengo txapelketako estreinako partida zuen gaurkoa. Bost urte zeramatzan finalerdietako ligaxkan kalerik egin gabe. 2002, 2004 eta 2005ean ere jantzi zuen lau t’erdiko txapela.
Julian Retegi pilotari handiaren semea da Julen (Eratsun, Nafarroa; 1985). 2005ean egin zuen debuta profesionaletan. Aurrelari jokatzen du, aitak bere garaian bezala.
Final-laurdenetako beste partidak
Atzo (Balmaseda). Augusto Ibañez Titin III.a - Asier Olaizola Olaizola I.a: 22-21.
Bihar (Eibar). Juan Martinez Irujo - Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.a.
Etzi (Tolosa). Pablo Berasaluze Berasaluze VIII.a - Sebastian Gonzalez.
Finalerdiak.
Ligaxka bidez jokatuko dituzte, azaroaren 8tik aurrera.
Finala.
Abenduaren 8an izango da.
pilota
Lau t'erdiko txapelduna kanporatu du Retegi Bik
22-11 irabazi dio Labriten Olaizola II.ari txapelketako final-laurdenean, eta lehen aldiz sailkatu da finalerdietako ligaxkara. "Partida biribila jokatu dut".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu