Pilotari bakarra falta zaio Lau t'erdiko Txapelketari. Aurkezpen egunetik aurkari zain dago Asier Olaizola, baina herenegun hirutik bira pasatu ziren aukerak. Mikel Idoatek 22-15 irabazi zion David Merinori, lehen atarikoan, eta Aritz Lasaren aurka ariko da gaur nafarra, Eibarren (Gipuzkoa). 8-0 irabazten hasi arren, oso gogorra izan zen partida, 324 pilotakadakoa, eta liskarrik ere ez zen falta izan amaieran, Idoatek gogor kritikatu zuelako Merino II.aren jarrera. Gorputza bere onera ekarri ezinik, Titin III.a aholkulari lanetan zuela, behar baino denbora gehiago hartu zuen errioxarrak atseden hartzeko. Errioxarrek Idoateren pare bat atxiki ere eskatu zituzten.
Partida estua espero da gaur, lau t'erdian iaioak direlako bai Aritz Lasa eta bai Idoate. Nafarraren berrindartze lanean egongo da gakoa, 45 orduko epean bigarren partida jokatu beharko duelako. Irabazleak datorren asteburuan jokatuko du Olaizola I.aren aurka. Atzo zen jokatzekoa Gonzalez eta Urrutikoetxearen artekoa, baina Azkainekoa gaixo dago, eta hurrengo asteburuan jokatuko da lehia hori ere.
Berriz ere ezinean Ezkurra
Koteto Ezkurrak ezinean jarraitzen du Julen San Miguelen aurka. Joan den ostegunean 40-16 galdu zuen txapeldun handiak, eta atzo ere etsi egin behar izan zuen,Ion atzean zuela, Juaristi eta San Miguelen aurka, 29-40. Promozio Txapelketan, berriz, Otaegi-Barrenetxea eta Endika-Aizpuru III.a sartu ziren finalean.
Lau t'erdiko Txapelketan sartzen saiatuko dira gaur Aritz Lasa eta Idoate
Herenegun partida gogorrean Merino II.ari 22-15 irabazi ondoren, Idoateren gorputzaldiak erabakiko du partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu