Lau urte eta 21 egun

Europako Ligako hirugarren kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur Athleticek San Mamesen, Young Boysen aurka

Julen Etxeberria.
2009ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Iritsi da azkenik eguna. Athleticek Europako lehiaketa bateko partida bat jokatuko du gaur. Denbora asko egon behar izan dute zain talde zuri-gorriko zaleek euren taldea nazioartean lehiatzen ikusteko: lau urte eta 21 egun, hain zuzen ere. Baina iritsi zaie azkenean eguna. San Mamesen da partidua, eta aurkaria, Young Boys Suitzako taldea. Helburua: irabaztea eta UEFA Europako Ligako ligaxkan tokia izatea.

Norgehiagoka hasteko irrikan dira Bilbon. Jokalariak, entrenatzailea, agintariak, zaleak... guztiek nahi dute Europako lehiaketarekin gozatzen hasi. Luze, oso luze egin zaie itxaronaldia. Azken parte-hartzeak, gainera, oso zapore gazia utzi zuen. Athletic Intertoto kopan aritu zen 2005-2006 sasoian, Espainiako Ligan ez baitzen sailkatu UEFA kopan jokatzeko. Cluj Errumaniako talde apala egokitu zitzaion bigarren kanporaketan. Zuri-gorriak ziren faborito, baina usteak ustel, Clujek egin zuen aurrera. Joaneko partidan, Errumanian, 1-0 galdu zuen Athleticek. Itzulikoan, San Mamesen, etxekoek emaitza berarekin irabazi zuten, baina penalti jaurtiketetan errumaniarrek irabazi zuten. Agur Intertoto kopari, eta agur UEFA kopari. Gozatzeko astirik ere ez zuten izan. Antzik ez aurreko denboraldian UEFA kopan egin zutenarekin. Orduan final-hamaseirenetara iritsi ziren; lehenbiziko kanporaketan, Trabzonspor (Turkia) bidean utzi, eta, ligaxkan, talde hauen aurretik izan zen: Steaua (Errumania), Parma (Italia), Besiktas (Turkia) eta Standard (Belgika). Ordea, bidea moztu zien Austria Vienak.

Denboraldi honetan, gutxienez ordukoa errepikatu nahi du Athleticek. Horretarako, Young Boys kanporatu behar du lehenbizi. Gero gerokoak. Ez zaio komeni kanporaketa hau baino aurrerago begiratzea, bestela muturrekoa jasotzeko aukera dezente izango ditu. Zergatik? Young Boys ez delako apaingarria Europako Ligan. Ez dago inondik inora lehiaketako talderik indartsuenen artean, baina talde ona da, jokalari onak dituena. Errespetua zor zaio. Athleticek ez luke gandorra gehiegi tentetu behar, talde zuri-gorria ere ez baitago Europako Ligako talderik indartsuenen artean. Orain lau urte gertatutakoak lezioa izan behar luke.

Lehengo lepotik burua

Beste sasoi baten atarian egoteak ez du aldatu Joaquin Caparrosen pentsaera. Iragan denboraldian gehien erabili zuen hamaikakoaren alde egingo du gaur ere: Iraizoz atean; Iraola, Ocio, Amorebieta eta Koikili defentsan; Susaeta, Orbaiz, Javi Martinez eta Yeste zelai erdian; eta Toquero eta Llorente aurrealdean. Berrikuntzarik ez, beraz. Xabi Castillo eta Oscar de Marcos aulkian egongo dira, eta Iñigo Diaz de Zerio palkoan.

Hori, denboraldi honetan taldera iritsi diren jokalariei dagokienez. Izan ere, Iker Muniain aulkian izango da, eta ez litzateke harritzekoa izango jokatzea. Zelaira irtengo balitz, Athleticekin partida ofizial bat jokatuko lukeen jokalaririk gazteena litzateke, 16 urte, zazpi hilabete eta 11 egunekin. David Lopez, Armando, Etxeberria eta Gurpegi ere aulkian izango dira. Ez, ordea, Etxeita, Velez, Ustaritz eta Zubiaurre, ez baitira deialdian sartu.

Caparrosen taldeak ez du itxura onik eman denboraldi-aurrean jokatutako lagunartekoetan, baina entrenatzailea baikor da. Astebete barru Bernan jokatuko den itzulikoari begira emaitza on bat lortzea besterik ez du buruan.



BSC Young Boys

Sorrera data. 1898ko martxoaren 14a.

Presidentea. Thomas Grimm.

Entrenatzailea. Vladimir Petkovic.

Estadioa. Suitzako Wankdorf (31.783 eserleku)

Garaipen zerrenda. 11 aldiz irabazi du Suitzako Liga (azkena 1986an), sei aldiz Kopa (azkena 1987an), eta behin Ligako Kopa eta Superkopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.