Frantziako Tourra

Laugarrenez Tourra irabazita, bosgarrena ere eskuratu nahi duela iragarri du Froomek

Tourreko izar handienen zerrendan sartu nahi du Chris Froomek, eta horretarako bosgarrenez ere Tourra irabazi nahi du. Bere laugarren garaipenaren osteko ospakizunetan egin du iragarpena.

Froome, atzo, podiumean. FRANCK FAUGERE/ EFE
2017ko uztailaren 24a
12:40
Entzun

Ohi bezala, Parisko azken etapan ez zen aldaketarik izan sailkapen nagusian. Dylan Groenewegen herbeheretarrak irabazi zuen, esprintean, Andre Greipel eta Edvald Boasson Hagenen aurretik.

Froomek eraman zuen mailot horia etxera. Skyko txirrindulariak podiumean irakurri zuen oharrean esan zuen aurtengoa izan dela irabaztea gehien kostatu zaion tourra: "Kontrarioen errendimenduak gorengo maila ematera behartu nau". Pozarren agertu zen, eta bere buruarekin harro.

Rigoberto Uran izan da bigarren sailkapen orokorrean; 54 segundoren aldearekin. Romain Bardet izan da hirugarren, 2'20''-ra, eta Mikel Landa podiumetik segundo batera gelditu da, laugarren postuan.

Murgiarra lasaiago zegoen atzo. herenegun. Baina larunbatean minduta hitz egin zuen, podiumetik segundo batera geratu zelako. “Orain pentsatzen hasten zara segundo bakoitza non galdu duzun. Asko amorratzen nau horrek. Egia esan, Tourrean laugarren egin dudan arren, ez dut sentsazio onik eta motibaziorik. Nik korritzeko dudan moduagatik gelditu egin nau Skyk", esan zuen.

Hala eta guztiz ere, Landak beste jarrera batekin hitz egin zuen atzokoan. “Esperientzia ezin hobea izan da niretzat, eta Froomekin Parisera lehen postuan iristeak are gehiago poztu nau”. Podiuma segundo batean jokoan zegoela jakinik Landak esan zuen Bardeten eta bere artean markaketa handia egon zela etapako azken kilometroetan. “Bretainiarra oharkabetuko balitz, segundo apur hori ateratzen saiatuko nintzateke, baina ez da hala gertatu”, esan zuen murgiarrak. Halere, Landak berretsi zuen Tourra “zirraragarria” izan dela, Froomek eta talde osoak lortu duten garaipenarengatik”.

Bestalde, Landa datorren urtera begira jarri da jada. “Gustatuko litzaidake hurrengoko Frantziako Tourrean Parisera elastiko horiarekin iristea”. Zurrumurruek diotenez, behintzat, datorren denboraldian Landak eta Mikel Nievek ez dute Skyrekin jarraituko, eta dagoeneko talde indartsuen eskaintzak jaso ditu Murgiako txirrindulariak.

Warren Barguilek irabazi du mendiko mailota, Michael Matthewsek esprintetakoa eta Simon Yatesek gazte irabazlearena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.