Lautadako kasta, kostako patxada

Burrunba ikaragarria eragin dute Baskoniako zaleek, trenean eta pabiloian; haiek zer egingo begira geratu dira Lagun Arokoak, hasiberriaren rolean.

Andoni Urbistondo.
Bartzelona
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako tren geltokia. 07:45. Bartzelonara doan trena erdi hutsik abiatu da Goierri aldera. Lagun Aroko zale batzuk doaz trenean, baina oharkabean pasatu dira. Autobusean egin dute bidaia gehienek, klubak eskaintza hobea egin baitu txartela eta autobusa salduta. Umoretsu doaz, baina ez zaie grina handi-handirik sumatzen. Hasiberriaren patxada? Bartzelonan egun bakarra irauteko beldurra? 400 bat doaz denera, dozena pare bat trenean, eta badakite Baskoniako zaleen olatu indartsuari amore eman beharko diotela. Baskoniak, ordea, estimu handia du Gipuzkoan, eta harreman ona dute Gasteizko taldeko zaleekin.

Lokartuta doa jendea, baina Iruñean trena bera ere aztoratu da. Jende andana nasan zain, eta horietako asko Baskoniako zaleak. Aguraindik (Araba) etorritako talde pare bat; horietako bat, gazte kuadrilla bihurri bat. Ibai, Abel, Angel... Denak 26 eta 30 urte bitartekoak, «hor tartean», saskibaloi gogoarekin bai, baina festako gogoa ere latza: «Non erosiko ditugu mozorroak parranda egiteko?». Eta Baskonia zer? «Bueno, Lagun Arori irabazten badio, ondo, baina Bartzelonaren aurka... Plan alternatiboak baditugu. Beraz, lasai».

Lasai, bai, astelehenean baitira bueltatzekoak Arabako Lautadara, batere presarik gabe. Zintzurra bustitzeko prest etorri dira. Menua, kalimotxoa eta martinia. Jateko, amatxok egindako patata tortilla eta supermerkatuan erositako txorizo erraldoia. Tafalla, Tutera, Zaragoza... orduek aurrera egin ahala, sabela berotu zaie Lautadako gazteei, eta aldarte onean, bagoiko zaindariari adarra jotzen hasi dira. Kataluniarra da, eta txistea bota diote. «Zer egiten du kataluniar batek hotza duenean? Berogailura hurbildu. Eta hotz handia duenean? Berogailua piztu!». Barre algarak hurrengo bagoian ere entzun dira.

Sant Jordi Palaura bidean, giro gutxi. Montjuic mendira bidean eztarria bustitzeko taberna askorik ez dago, eta azken orduan bertaratu dira zaleak, 18:30ak jota. Baskoniakoek ekin diote, baina ondo eutsi diote Gipuzkoatik etorritakoek, «Goazen Lagun Aro» ozen oihukatuz. Taldeen aurkezpenean indar erakustaldia egin dute arabarrek, eta San Prudentzio herrialdeko patroiaren doinu ezaguna abestu. Zale batzuk Teletovic King of Bosnia pankarta erakutsi dute (Teletovic, Bosniako errege), eta harriduraz begiratu du harmailetara Baskoniako kapitainak. Lagun Arokoek Brasil eta Hungariako banderak zintzilikatu dituzte, Neto eta Loranten omenez.

Hutsarteetako uneak ere bizi joan dira, batez ere harmailetan bikote edo lagunen musuak eskatu dituztenean. 17-16 bukatu da lehen laurdena, eta donostiarrak piztu egin dira, «bai, ahal da» oihu eginda. Zer esanik ez, atsedenaldian, 28-38 aurreratu direnean. Isilik geratu dira arabarrak, bere taldearen hamaikagarren erreakzioaren zain, eta bat-batean poztu, Baskoniak aurrea hartu baitu hirugarren laurdenean. Bukaerara arte. Berez, oharkabean apaldu dira donostiarren oihuak. Arabarren poza biderkatu den neurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.