Frantziako Poliziak 116 lagun atxilotu ditu joan den ostiralean Eurokopa hasi zenetik. Hala jakinarazi du Frantziako Barne Ministerioak ohar batean. Horietako hiru kanporatu egin ditu, eta bosti debekatu egin die Frantzian sartzea.
Selekzio batzuetako zaleen artean istiluak izan dira azken egunetan, eta zenbait neurri iragarri ditu Matignonek. Marseillan, esaterako, 35 lagun zauritu ziren Errusiako eta Ingalaterrako zaleen arteko liskarretan, eta horietako bat larri zaurituta dago. Asteburuan, berriz, Lillen izan dira Alemaniako eta Ukrainako zaleen arteko istiluak.
Hori saihesteko asmoz, neurriak hartuko ditu Frantziako Gobernuak. Bernard Cazeneuve barne ministroak jakinarazi du alkohola saltzea debekatuko dutela Eurokopa jokatzen ari diren hirietako zenbait eremutan, partida egunetan nahiz bezperan.
Gainera, UEFAk Errusiako eta Ingalaterrako selekzioei ohartarazi die bi taldeak txapelketatik kanporatuko dituela istiluak berriro gertatzen badira. Presazko bilera egin zuen igandean UEFAko zuzendaritzak Parisen, eta gutun bidez ohartarazi die bi herrialdeetako federazioei.