Europako Challengeko etenaldia irudipen gazi-gozoarekin utzi du Baionak. Bi garaipen erdietsi baditu ere, iragan asteko Bordeleren aurkako partidak aho zapore txarra utzi zion. Irabazi arren, partida txarra jokatu zuen, eta fitxatutako jokalariek taldera egokitzeko denbora beharko dutela argi gelditu zen.
Iluntze honetan, Mike Phillipsek, Cedric Heymansek eta Joe Rokocokok estreinako partida jokatuko dute Top14an elastiko zuri-urdinarekin. Jokalari berriek haize freskoa ekarri zioten Baionari Challengeko partidetan, Phillipsek batez ere. Aldi honetan, gauza serioen txanda izanen da.
Top14an toki txarrean daude baionarrak, sailkapeneko 11. postuan, partida bat gutxiago jokatu badute ere. Etxean hutsegiteko aukerarik ez dute, gora joateko asmoa dutelako. Alde horretatik, gaur Lyoni irabazteak berebiziko garrantzia dauka (20:00). Lyon azken-aurreko postuan da, eta Bigarren Mailatik igo berriada. Gisa horretako talde bati nahitaez irabazi behar diote baionarrek.
Sasoi hastapena oso ona ez izan arren, helburua Heineken koparan sartzea da oraindik. «Denboraldi hasierako helburuek bere horretan jarraitzen dute. Eguberri garaia iristean, lehen balantzea eginen dugu», adierazi du Michel Cacouault presidenteak. Helburuak horretan iraun arren, joko bolada ona atzeman behako dute baionarrek, oraingoz erakutsi duten itxura ez delako hoberena izan.
Bordeleren partidaren ondotik, Christian Gajan errugbi zuzendariak mezu lasaigarriak zabaldu zituen. «Bere aukerak ederki jokatu ditu Bordelek, baina, bideoan partida aztertuta, ezin da erran partida txarra izan denik. Egiazko joko denbora 39 minutukoa izan da, eta hori ez da hain datu txarra», esan zuen.
Ezkortasun horren erdian, itxaropenerako zantzuak atzeman nahi dituzte baionarrek. Aitzinean, orain arte zailtasunetan egon arren, sendo aritu ziren Bordeleren aurka. «Uztartzeetan sendo ibili gara. Batzuetan harritu nau gure indarrak», azpimarratu du Phillipsek. Hala ere, oraindik zelaian elkar aurkitzea falta zaie. Rokocoko, adibidez, galduta ibili zen partida horretan.
Denak zelaian
Hasierako hamabostekoetan ustekabeetarako tarte gutxi utzi du Gajanek. Challengean ikusi zen hamabosteko berriaren hezurdura sendotzearen alde egin du. Fitxatutako jokalariak zelaian izanen dira, oraindik taldera egokitzeko arazoak dituen Sione Lauaki salbu. Heymans gibeleko gisa ariko da, hegalak Rokocoko eta Sam Gerberri utziz. Phillips izanen da uztartze erdia, eta, goxo hasi ondotik, Neemia Tialata hasieratik ariko da uztartzearen eskuinaldean.
Gaurko aurkaria, Lyon, arretagune izan da azkeneko asteetan. Hazizurri izurritea jasan zuen Frantziako taldeak, eta eritasun horregatik bi norgehiagoka jokatu ezinik ibili da. Europako Challengean berriz lehiaketan sartu ondotik [bi partidak galdu ditu], bere itzulera izanen da gaurkoa Top14an. Baionarrek hutsegiteko aukerarik ez dute, eta Lyoni irabazi beharko diote kosta ahala kosta. Heineken kopako bidean berriz ere ezarriko da irabazten badu. Horrela izan ezean, arazo handietan sar daiteke sailkapenean.
Lehen azterketa izarrentzat
Top14an lehen aldiz Baionak fitxatutako jokalari entzutetsuenak zelairatuko ditu gaur, Lyoni irabazteko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu