Beroak izan direlako izango dira beroak. Caja Laboral eta Gescrap, Gasteiz eta Bilbo, Araba eta Bizkaia. Saskibaloian elkarri ezin ikusi handia duten bi klub, bi jarraitzaileen talde eta bi jarduteko modu. Bizilaguna beti zaintzapean. Bi taldeak tartean daudela, ez da asko behar txinpartak su gar bihurtzeko, eta, espero bezala, sutea piztu da. Asko dagoelako jokoan. Arabarrentzat, sasoi honetan titulu bat lortzeko azken aukera. Bizkaitarrentzat, bigarrenez Euroliga jokatzeko erronka. Tentsioa sortzen du horrek, eta tentsioak mingain dantza. Ahoberokeria.
Nork hasi du liskarra oraingoan? Fotis Katsikarisek hitz egin zuen aurrena, eta Andres Nocionik erantzun du gero. Hori ezin da ukatu, baina Gorbeiako bi magaletan iltzatuta dauzkate iraganeko saskiratze, kanporatze, adierazpen eta bestelako jarrerak, eta bat edo bestea hasi izana anekdota hutsa da. Sua piztu egingo zelako lehenago edo geroago. Katsikarisek epaileen jarduna hartu zuen ahotan, esaldi honekin: «Baskoniak ez du inoiz epaileen lan txarrik izango, eta horregatik ere faboritoak dira».
Adierazpen gogorrak. Borroka psikologikoaren hasiera? Baliteke. Erantzunak, noski, etorri egin behar zuen. Maciej Lampe izan zen hitz egiten aurrena Gasteizen, baina poloniarrak hitzik ez zuen esan. Tenplea hautatu zuen Baskoniak mikrofono gosetien aurrean, baina bigarren jokalariaren hautaketan Bilbotik botatako enbidoari eutsi zioten, Nocioni jarri baitzuten prentsaren aurrean. Eta argentinarrak lurrikara eragin du. Lepoko minaren harira, Euskal Kopan Bizkaiako jokalariek intentzio txarrarekin jokatu zutela esan zuen aurrena. Konforme ez, eta Katsikarisi mezu argia bidali zion: «Epaileen aitzakia zaharregia da, eta ez du balio. Utz ditzagun bakean, nahiko lan badute-eta ni bezalako eroak kontrolatzen».
Presioa etxekoei
Katsikarisek Baskoniaren bizkar jarri du kanporaketa gainditzeko beharra: «Gure denboraldia oso ona izan da, kanporaketetan gertatzen dena gertatuta ere. Euroligan final-laurdenetara iritsi ginen, eta horrek neke handia eragin zion taldeari. Freskotasunik gabe aritu gara liga erregularreko bukaeran, baina azken egunetan borrokarako grina hori berreskuratu dugu. Halere, Baskonia da faboritoa. Hirugarren postuan sailkatu da, etxean jokatzen du, eta Lampe eta Nocionirekin oso talde indartsua da». Iritzi horrekin ere kritiko mintzatu zen Nocioni: «Nekatuta daudela diote, baina niretzat nahikoa denbora izan dute nekea atzean uzteko, liga bukatu ostean. Presioa kentzeko beste aitzakia bat baino ez da».
Ligako azken partida eta Euskal Kopa dira bi taldeak sasoiz nola dauden neurtzeko azken bi hitzorduak. Ligan 100-70 nagusitu zen Baskonia, eta hankapean ibili zuen Bizkaia. Erreferentzia baliagarria al da? Izan beharko luke, bai Euskal Kopako partida baino gehiago behintzat (65-69, arabarrak nagusi). Bi Baskonia ikusi izan dira denboraldi honetan: Espainiako Kopa bitartekoa eta ondorengoa. Otsail arte Lampe eta Nocioni gabe jokatu zuen Dusko Ivanovicen taldeak, eta bikote horrek indar handia eman dio ondoren. Erregulartasuna lortzeko komeriak izan ditu, baina banan bana, Bizkaia baino talde hobea dauka egun.
Horrek ez du esan nahi erraz irabaziko duenik, ezta gutxiago ere. Bizkaiak Eurokoparekin konformatu beharko du liga seigarren postuan bukatzen badu, baina Euroliga jokatzeko finala jokatu beharko du berriro. Gasteizen partida bat irabazi behar du derrigor Katsikarisen taldeak. Lortu izan du, eta lortzeko lehengaia du, baina bistan da bere jokoa eta itxura erabat aldatu behar duela, lauzpabost egunetan oporretan egin nahi ez badu. Kanporaketak termometro argia dauka: Pablo Prigioni eta Aaron Jacksonen arteko dema. Bestelakoan, adi azken asteetan Fernando San Emeteriok eta Nemanja Bjelicak izan duten hobekuntzari, eta Bilbo aldean, Marko Banic kapitainak dituen arazo fisikoei.
CAJA LABORAL-GESCRAP
Txapelketa. Endesa Ligako final-laurdenetako lehenengo partida. Bi garaipen lortzen dituen taldeak lortuko du finalerdiak jokatzea.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Nocioni, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Calbarro eta Lampe.
Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Samb eta D'Or Fischer.
Lekua. Fernado Buesa Arena pabiloia (15.504 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB 1).
Saskibaloia. ACB ligako titulurako kanporaketak
Lehen, bero; orain, beroago
Katsikaris eta Nocioniren adierazpenek final-laurdenetako giroa berotu dute, eta borroka handia espero da derbianItxuraz, hobeto iritsi da Baskonia, baina Gescrap gai da edonor mendean hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu