Fernando Macedo Da Silva Nano da Osasunak hurrengo denboraldirako fitxatu duen lehenengo jokalaria. Ezker hegaleko atzelaria da, eta defentsako lerroa indartzeko hautatu du Iruñeko taldeak. 30 urte ditu, eta hainbat taldetan ibilitakoa da: Bartzelonan, Atletico Madrilen, Getafen, Cadizen, Racing de Ferrolen eta Numancian. Hain zuzen ere, joko ona erakutsi du azken urteetan Soriako taldean, eta erasoan zein defentsan orekari eusteko aproposa dirudi Osasunarentzat. Datozen bi denboraldietarako fitxatu du, baina beste baterako luzatzeko aukerarekin. Bi milioi euroko etete klausula izango du.
Galiziarra da Nano, baina Bartzelonaren harrobiko jokalaria da. Louis Van Gaalen eskutik egin zuen debuta Lehenengo Mailan, eta izar handi bat izateko itxura guztiak zituen. Aurrelari postuan jokatzen zuen, gainera. Ordea, gerora ez du esperotako mailarik eman. Numantzian, dena den, lan ona egin du.
Osasunak jakinarazi duenez, ez du jokalari askorik fitxatuko, baina Sisino Gonzalez Sisi taldetik gertu dago. Valladoliden ari da jokatzen, eta okerrik ezean Iruñean aurkeztuko dute laster. Zelai erdian jokatzen du espainiarrak.
Ricardo, Roversio, Raitala, Calleja eta Raul Garcia, berriz, ez dira Osasunako jokalari izango. Garciaren ordezkoa topatzea da orain taldearen helburu nagusia. Ez da lan erraza izango.
Lehen fitxaketa, Nano
Ezker hegaleko atzelaria Osasunan ariko da hurrengo bi sasoietan; ongi moldatzen da erasoan zein defentsan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu