Arratek lehen garaipen lortu zuen atzo etxetik kanpo, Alcobendasen pistan 27-29 nagusitu eta gero. Kostata irabazi zion Rafa Guijosak entrenatutako taldeari, sufrituta, baina garaipen horri esker, jaitsierako postuak are gehiago aldendu ahal izan ditu Eibarko taldeak. Izan ere, bost puntu ateratzen dizkio Alcobendasi berari eta sei, berriz, Almeriari.
Etxetik kanpo irabazi ezinda zebilen Julian Ruizek entrenatutako taldea, baina atzo bolada txar hori eten zuen. Partida, halere, tentsio handikoa izan zen. Normala da, dena den, bi taldeak sailkapenean nola dauden ikusita. Arratek segituan hartu nahi izan zuen aurrea markagailuan, eta lehen minutuetan ez zuen ia hutsik egin. Hiru goleko aldea ere lortu zuen. Erasoan, baina, lauzpabost baloi galdu zituen eta Alcobendasek markagailua irauli zuen (11-8, 15. min). Atsedenaldira heldu aurretik, ordea, garaiz suspertu zen Ruizen taldea (13-13).
Bigarren zatia izugarri orekatua izan zen, eta ez bata ez bestea ez ziren bi goleko aldea hartzeko gai izan. Arratek, baina, abantaila txiki bat hartu zuen azkeneko minutuetan, eta aurkariaren azkeneko erasoetan defentsa estutu zuen emaitzari eusteko. Rudoviec izan zen golegi nagusia; 11 egin zituen, zortzi penaltiz.
Lehen garaipena lortu du Arratek etxetik kanpo
Eibarko taldea Alcobendasen pistan nagusitu da (27-29) eta jaitsierako postuak are gehiago aldendu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu