Patxi Izko Osasunako presidenteak futbol epaileekin harreman oro etetea erabaki du aste honetan, iragan asteburuan Santiago Bernabeun Perez Burrull epaileak Iruñeko taldearekin egin zuen «bidegabekeria» salatze aldera. Gehiegi hitz egin da epaileen inguruan aste honetan. Baina Osasunarentzat benetan garrantzitsua den gauza bakarra partidak irabazten hastea da. Presidenteak epaileekin egin bezala, Osasunako jokalariek lehen itzuliarekin eten behar dute. Gaur hasiko da bigarren itzulia gorritxoentzat, eta mailari eusteko ia itzuli perfektua egitera behartuta daude nafarrak. Bigarren itzulia ezin da izan lehen itzulia bezalakoa.Sasoi amaiera bitartean bi partidatik bat irabaztera behartuta dago Jose Antonio Camachok zuentzen duen taldea. Eta gaur bertan hasi nahi du Osasunak bigarren itzuliko itxural-daketarekin: Vila-real etxean ustekabean harrapatzeko prest dira gorritxoak. Hori dute helburua.
«Nafarroako Erresumara etortzen diren taldeek Madrigalen jokatu izan ohi dute azken partida etxetik kanpo, eta aurkariak aztertzean sarritan ikusi dizkiegu Madrigalen jokatu berri dituzten partidak. Taktikoki ondo aztertuta dugu Vila-real, ondorioz, eta, horren harira, Vila-realekoa beste edozein partida baino hobeto prestatu dugula ere esan daiteke», esan zuen atzo Camachok, gaur iluntzeko partidaren inguruan galdetuta.
Entrenatzaile espainiarrak badaki norgehiagoka zaila dutela gaur Herrialde Katalanetan, baina bere jokalariak ondo ikusten ditu, nolanahi ere: «Vila-realek oso jokalari onak ditu, bikain erabiltzen dute baloia, eta joko ikusgarria egin dezakete. Aurkariak deseroso sentiarazten baditu, arazoak izaten ditu, ordea, eta hori egiteko asmoa dugu. Horregatik, Santiago Bernabeun jokatu genuen bezala jokatzea da asmoa. Ezin gara 90 minutuz atzean sartuta egon. Jokatzeko beldurrik gabe goaz. Kolpe asko hartu ditugu, baina jokalariak entrenatzen ikusten ditudanean eta zelaira partida jokatzera ateratzen direnean argi geratzen zait aldarteari dagokionez onenak garela», esan zuen Camachok, kolpeak kolpe oraindik ere itxaropentsu jarraitzen dutela argi eta garbi utzita.
3-1 galdu arren, Osasunak itxura ona eman zuen Real Madrilen zelaian. Jarrera bikaina erakutsi zuten gorritxoek, eta Madrigalen ere bide beretik jarraitzea da Camachoren nahia. Ziurrenik, hasierako hamaikakoa ere errepikatuko luke Camachok aukera izanez gero. Baina ezin du: Patxi Puñal kapitainak eta Masudek partida bateko zigorra bete behar dute, txartel pilaketaren ondorioz. Beraz, bi aldaketa egitera behartuta da Camacho. Atzo Taxoaren erakutsi zuenez, gauzak argi ditu gorritxoen entrenatzaileak: Vadocz hungariarra ariko da euskarri bikoitzean Uhartekoaren partez, eta Pandianiren atzetik Santi Ezquerro ariko da. Hector Fontek ere -bere herrira itzuliko da Osasunako erdilaria- punta-erdiko lanak egiteko aukera baduela esan zuen Camachok atzo hedabideen aurrean, baina Ezquerrorekin egin zuen proba, eta bere ezaugarriengatik Ezquerrok hasieratik jokatuta ordezkoen artetik irtenda baino ekarpen handiagoa egiten duela ere esan zuen Camachok.
Epaileen lana hizpide
Asteko gai nagusiari helduta, epaileen inguruan ere hitz egin zuen Camachok atzoko agerraldian. Vila-realeko zenbait jokalarik agertutako kezkak gogoratu zizkioten Osasunako entrenatzaileari, eta Camachok argi hitz egin zuen: «Izan dugun eztabaidak ez du baldintzatuko epailea Madrigalen. Ikusten dutena adieraztea besterik ez diet eskatzen nik epaileei. Eta Vila-realen ezin dute pentsatu gurekin zorretan direlako epaileak kalte egingo dienik, orain arte behintzat epaileek ez diotelako inoiz mesederik egin Osasunari».
Nolanahi ere, Ligako bigarren itzulian epaileekin zorte handiagoa izatea gustatuko litzaiokeela ez zuen ezkutatu Camachok. «Ziurrenik, epaileek kalte gehien egin dioten taldea izan gara lehen itzulian, ea bigarren itzulian joera hori aldatzen den. Epaileek mesede handien egin dioten taldea izatea gustatuko litzaidake». Bigarren itzuliak lehen itzuliarekin zerikusirik ez izatea da gakoa arlo horretan ere. Hori, eta nola ez, taldeak nola edo hala gora egitea eta puntuak biltzen hastea. Erronka gogorra du aurretik.
Lehen itzulia ahaztu nahi du
Falta diren 19 partidetatik hamar irabazi behar ditu Osasunak mailari eusteko. Gaur irabazi nahi du lehena, Vila-realen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu