Espainiako Futbol Liga

Lehen jardunaldia eskasa izan da euskal taldeentzat

Athleticek eta Realak galdu egin zuten atzo, eta Alavesek, berdindu.

Bale Real Madrilekoa, hirugarren gola sartzear. JUAN HERRERO, EFE
2016ko abuztuaren 22a
10:26
Entzun

Bi berdinketa, eta ezer gutxi gehiago. Hori utzi du Espainiako Ligako estreinako jardunaldiak bost euskal taldeentzat. Jardunaldia ostiralean hasi zen: Osasunak berdindu egin zuen, eta Eibarrek, galdu. Emaitzak ez ziren hobeak izan atzo. Athleticek 2-1 galdu zuen Sportingen aurka, Realak 0-3 Real Madrilen aurka, eta Alaves izan zen puntu bat urratzea lortu zuen bakarra, Atletico Madrilen aurka bana berdinduz.

Oso ondo defenditu zuten Alavesen jokalariek atzo, eta soilik penaltiz eta 92. minutuan lortu zuen Atletico Madrilek gol bat sartzea. Hurrengoan, ordea, Manu Garciak partida berdindu zuen, eta Alaves puntu batekin itzuli zen Euskal Herrira. Feddalek min hartuta utzi behar izan zuen zelaia, baina hausturarik ez duela jakinarazi du, eta taldekideekin itzuli da hura ere.

Punturik gabe itzuli zena Athletic izan da. Azken urteetan emaitza onak lortu izan ditu Gijonen, baina atzo Sporting gehiago izan zen, eta 2-1 irabazi zion. Bi golak hiru minututan sartu zizkioen, 50.enetik 53.era bitartean, eta Adurizek 85.ean sartu zuenak ez zuen askorako balio izan. Iraizozek penalti jaurtiketa bat geratu zuen.

Realak ere ez zuen eskuratu batere punturik. Eusebiok hainbat aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan, eta emaitza ez zen izan ona. Lehen minutuan aurreratu ziren espainiarrak, eta hortik aurrera partida erosoa jokatu zuten. Vela, William Jose eta Prietok ez zuten hasieratik jokatu, eta aldaketetan zelairatu zituen entrenatzaileak, baina esku hutsik amaitu zuten jardunaldia txuri-urdinek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.