Jakina zen datorren denboraldian Euskal Herriko beste talde bat izango zela Lehen Mailan, eta gaur argitu da zein izango den: Alaves. Igotzeko aukerak zituen beste taldea Osasuna zen, baina matematikak arabarren aldekoak ziren: mailaz igotzeko gaur irabaztea besterik ez zuen behar Alavesek, eta hala egin du Atletico Madril B-ren aurka (0-2). Osasunak ere egin ditu etxeko lanak (1-5 irabazi du Santandergo Racingen aurka), baina Alavesen garaipena dela-eta Bigarren Mailan jarraitu beharko dute nafarrek.
Historikoa da igoera, Alaves ez baita sekula lehiatu Lehen Mailan. Astean zehar argi utzi zuten Alaveseko jokalariek zer egin behar zuten: «Partida normal bat izango balitz bezala jokatu behar dugu, beste hiru puntu balira bezala, eta orain arteko mailari eutsi behar diogu. Azkenean, gakoa da pentsatzea gurea eginda ondo atera daitekeela», azaldu zuen Maria Ortiz de Pinedo kapitainak.
Esan eta egin. Gaur neurketa ganorazkoa egin dute Madrilen, eta hamabigarren minuturako aurretik ziren, Miriamen golari esker. Hala heldu da neurketa atsedenaldira, eta bigarren zatian errenta handitzea lortu du Alavesek, Ane Mirenek 67. minutuan sartutako golari esker.