Lehen platera, bigarrena eta postrea

Ardenetako hiru klasikoak jokatuko dira astebetean; aurrenekoa, gaur bertan: Amstel Gold Race

Igor Susaeta.
2008ko apirilaren 20a
00:00
Entzun


Ardenetako hiru klasikoak jokatuko dira astebetean; aurrenekoa, gaur bertan: Amstel Gold Race
igor susaeta

Donostia

Flandesko Tourra eta Paris-Roubaix bata bestearen segidan ikustea betekada atsegin baten modukoa da zaleentzat, txirrindulariei beraiei astun samarra egiten zaien arren. Harbideak, ibilbide bihurriak, aldapa labur baina piko-pikoak, klasikozale peto-petoak egurrean, eta aspaldiko txirrindularitzaren usaina darion jardun epikoa. Errepide bazterretan, aldiz, kirolaren legea zer den ondo baino hobeto dakiten jarraitzaile sutsu andana. Ba, lehenengo betekada digeritzeko denborarik gabe, bigarrena, hala txirrindularientzat nola zaleentzat, astebete besterik pasa ez denean. Lehen platera, gaur bertan, Amstel Gold Race (15:50, ETB1), Herbeheretan; bigarrena, hurrengo asteazkenean, Fleche-Wallone; eta postrea, hiruretan gozoena, Lieja-Bastogne-Lieja, hurrengo igandean. Biak ala biak Belgikan.

Baina postrearekin behar bezala gozatzeko, aurreneko bi platerei dagokien bidea egiten utzi behar zaie, eta aurrenekoa ez da, ez, nolanahikoa. Amstel Gold Race da, beharbada, Udaberriko klasikoen artean apalena. Garai bateko Munduko Kopako lasterketa zen, baina ez du txirrindularitzako bost monumentuen (Milan-San Remo, Flandesko Tourra, Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa) distira. 43. ekitaldia jokatuko da gaur, eta txirrindulariek 250 kilometro bete beharko dituzte Valkenburg eta Maastricht artean.

Tartean 31 muino, eta helmuga Caubergeko aldapan. Kilometro pasatxokoa, %8ko batez bestekoa du, eta %15eko pendizaren bat ere bai. Helmuga baino lehen, beste bi aldiz igaroko dira hortik. Normalean azkeneko igoera horretan erabakitzen da lasterketa, baina oinera txikitu antzean heltzen da tropela, ibilbidea oso bihurria delako: errepide estuak, harbide zatiren bat, bihurgune mordoa... 2002a arte Maastrichteko kaleetan amaitzen zen proba, baina Caubergeko (Valkenburg) aldapako helmugak ikusgarritasuna eman dio probari.

Espezialistentzako lasterketa da eta klasikomano handiak nagusitu izan dira bertan. Halere, Herbeheretako txirrindulariak izaten dira protagonista, han goi mailako lasterketa gutxi jokatzen direlako, eta luzitzeko gogoa izaten dutelako. Hortaz, adi Rabobankeko txirrindulariekin: Freire handiarekin, Langeveld gaztearekin, eta Thomas Dekkerrekin, batez ere. Gerolsteinerreko Rebellin eta Schumacher ere ez dira muturretik aparte ibiliko, eta Kirchen (High Road), edota Valverde zein Rodriguez (Caisse d'Epargne), euren gorputzaldi ona baliatzen saiatuko dira. Schleck (CSC) ere saltsan ibiliko da.



FLECHE-WALLONEN, HUYKO HORMA. Fleche-Wallone lasterketa, berriz, zeharo ezberdina da. Hasteko, laburragoa da (202 kilometro), eta Herbeheretan beharrean, Belgikan korritzen da, Charleroin hasita. Helmuga, berriz, muino batean, Amstel Gold Racen bezalaxe. Hori bai, Caubergeko aldapak ez du Huykoak duen sonarik. Fleche-Wallonek Huy horma ikusgarriari zor dio daukan oihartzuna, Milan-San Remok Poggio aldapari edo Paris-Roubaixek Arenbergeko harbideari zor dion moduan. 1.200 metro da luze Huy, %12,5eko batez besteko aldapa dauka, eta bihurguneren batean %19ko pendiza ere bai. Txirrindulariak igitaien pare makurtzen dira. Hirutan igoko dute: 68. kilometroan, 106.ean eta helmugan bertan.

Hango klasiko gehienak bezala, ibilbide bihurria du, muino laburrez jositakoa -zortzi guztira, Huykoak barne-, baina Huyko aldapan erabakitzen da, normalean, behintzat, lasterketa. Erritmo aldaketa bortitza dutenak, sasoiz puntu-puntuan daudenak, eta azkeneko hormaren gogortasunari ondo eusten diotenak nabarmentzen dira hor. Euskaldunak ere bai, 2003an, esaterako, Igor Astarloa nagusitu zen eta Aitor Osa izan zen bigarren. Aurtengo ekitaldirako faboritoen zerrenda amaigabea izan daiteke, baina Rebellin, Valverde, Rodriguez, Ricardo Ricco (Saunier Duval) edota Damiano Cunego (Lampre) ez dira garaipenetik urrun ibiliko.

Aurreneko bi plateren ondoren, eta betekada biribiltzeko, postrea dator; Lieja-Bastogne-Lieja. Hiruretan garrantzitsuena da, txirrindularitzaren monumentuetako bat. 1894an jokatu zen aurreneko ekitaldia, eta Eddy Merckx (bost aldiz), Jacques Anquetil, Bernard Hinault, Sean Kelly, Moreno Argentin edota Michele Bartoli bezalako txapeldun handiak gailendu izan dira Anseko helmugan. Loriaren eztiarekin gozatzeko, baina, 262 kilometroko ibilbide gogaikarria osatu behar lehenago: muino mordoa, errepide estuak, bihurgune arriskutsuak... 2005ean ibilbidearen pusketa bat aldatu zuten. Izan ere, Merckxen ustez «ez zen normala» azkeneko sei kilometroetara 60 txirrindulariko tropeltxoa heltzea. Hartara, Stoukeau muinoa beste aldetik igotzen da orain, eta garai batean bezala, La Haute-Levee aldapa mitikoa igarotzen dute egun ere. Dena den, helmugatik gertu dauden La Redouten eta San Nicolasen (helmugatik bost kilometrora) hausten da lasterketa.

Ordurako hankak minduta edukiko dituzte txirrindulariek, eta hauspoa ederki berotuta. Ardenetako klasikoena betekada atsegina izango da zaleentzat; txirrindulariei, ordea, astun samarra egingo zaie. Platerak ondo digeritzea da kontua, Rebellinek 2004an egin bezala. Italiarrak hirurak irabazi zituen aste baten buruan.



azKen GaraILeaK

Amstel Gold Race

2007. Stefan Schumacher (Alemania).

2006. Frank Schleck (Luxenburgo).

2005. Danilo di Luca (Italia).

2004. Davide Rebellin (Italia).

2003. Aleksandre Vinokurov (Kazakhstan).

2002. Michele Bartoli (Italia).

2001. Erik Dekker (Herbehereak).

2000. Erik Zabel (Alemania).

1999. Michael Boogerd (Italia).

1998. Rolf Jarmann (Suitza).



Fleche-Wallone

2007. Davide Rebellin (Italia).

2006. Alejandro Valverde (Espainia).

2005. Danilo di Luca (Italia).

2004. Davide Rebellin (Italia).

2003. Igor Astarloa (Euskal Herria).

2002. Mario Aerts (Belgika).

2001. Rik Verbrugghe (Belgika).

2000. Francesco Casagrande (Italia).

1999. Michele Bartoli (Italia).

1998. Bo Hamburger (Danimarka).



Lieja-Bastogne-Lieja

2007. Danilo di Luca (Italia).

2006. Alejandro Valverde (Espainia).

2005. Aleksandre Vinokurov (Kazakhstan).

2004. Davide Rebellin (Italia).

2003. Tyler Hamilton (AEB).

2002. Paolo Bettini (Italia).

2001. Oscar Camenzind (Suitza).

2000. Paolo Bettini (Italia).

1999. Frank Vandenbroucke (Belgika).

1998. Michele Bartoli (Italia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.