Lehen postua nahi du

Baionak Europako Challengeko multzoko lehen postua lor dezake, gaur Connacthen zelaian irabaziz gero

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iragan astean Jean Daugerren Ingalaterrako Harlequinsi irabazi eta gero (16-12), Baionak Europako Challengeko lehen postua eskuratzeko parada izanen du gaur Irlandan, Galway hirian. Connactheko probintziaren aurka jokatuko du Aturri eta Errobi bitarteko hamabostekoak.

Hasiera batean, bazirudien aurkari bihurria izanen zela Irlandako taldea, iragan sasoiko Challengeko finalerdietara iritsi zelako. Sasoi honetan Heineken kopan ari den Toulonen aurka galdu zuen Irlandako taldeak, eta emaitza on horren kredituarekin ekin dio denboraldi honetako txapelketari.

Hala ere, zalantzaz beteteko partida jokatuko du Baionak gaur. Izan ere, joan zen astean sekulako ustekabea gertatu zen, Connacthek Italiako I Cavaliere taldearen aurka galdu zuelako (23-21); maila horretan ezezaguna da talde hori. Ikusi beharko da zer motatako taldea izanen duen parean Baionak gaur.

Hala ere, xuri-urdinak ez dira fio. «Joan zen astean garaipen ona lortu genuen, oso baldintza txarretan [sekulako euria egin zuen Baionan]. Harrigarria suerta daiteke Connacthek Italian galdu izana, baina partida zaila izanen dugu, dudarik gabe. Etxean jokatuko dute aldi honetan irlandarrek, eta okerra zuzentzeko nahia izanen dute», zehaztu du Pepito Elhorgak, baionarren gibelekoak.

Aldaketa gutxi

Aurkariaren mailari buruz espekulatzen hastea alferrik da, eta Irlandan bertan ikusi beharko da zer motatako partida jokatu beharko duen Baionak. Hala ere, Christian Gajanek txapelketa serio hartu duela badirudi. Orain arte, Challengea jokalari gazteei eta oso gutxi jokatu zutenei jokatzen hasteko aukera emateko baliatzen zuen Baionak. Aldi honetan ez da horrela izan.

Harlequinsen aurka jadanik jokalari onenak ezarri zituen zelaian Gajanek, eta aldi honetan politika horrekin jarraituko du. Ez du aldaketa anitz egin partidari begira, eta egindako aldaketa guztiak normalean Top14an jokatzen duten jokalariekin egin du: Lafond, Treloar, Martin, Peyras eta Huget hasieratik ariko dira, adibidez.

Oraingoz, beraz, Demaison, Bouillon, Rouet eta Lagain gazteek ez dute aukerarik izanen, eta bigarren taldearekin jokatzen segitu beharko dute. Serio hartu du Baionak sasoi honetan Challengea. Francis Salagoitik aiderazi du taldearen helburua ligaxkako fasea pasatzea dela, eta, horretarako, Irlandatik puntuak ekarri beharko ditu Baionak. Irabaziz gero, oso aukera ona izanen luke lehen postua lortzeko, baina gutxieneko helburua defentsako puntu gehigarria eskuratzea izanen da.



CONNACTH-BAIONA

Connacth. Wilkinson, Cronin, Hagan; Swift, Mc Carthy (kapitaina); O´Connor, Ofisa, Muldoon; Murphy, Keatley; Carr, Mathews, Ta´Auso, Fanning; Duffy.

Baiona. Lafond, Hegi, Lea´Aetoa; Treolar, Flavell; Puricelli (kapitaina), Martin, Baget; Audy, Fauque; Peyras, Gerber, Lacroix, Huget; Elhorga.

Epailea. Carlo Damasco.

Lekua. Galwayko The Sports Ground (7.000 ikusle).

Orena. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.