Elx 0-0 Athletic

Lehen puntu gazi-gozoa

Athleticek ezin izan du garaipena eskuratu ligako lehen jardunaldian, Elxen (Herrialde Katalanak). Bi taldeek izan dituzte gol aukerak.

Fidel Chaves eta Oier Zarraga, baloiaren bila. MANUEL LORENZO/EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 17a
08:29
Entzun

Atzokoak Espainiako Liga hiru punturekin hasteko aukera bikaina zirudien Athleticentzat. Marcelinoren mutilek behin eta berriz errepikatu dute denboraldi-aurrean sentipen ezin hobeak izan dituztela, eta helburua Europara sailkatzea dela ere esan dute. Parean Elx zuten, ustez, behintzat, maila ez galtzeko lehian ibiliko den taldeetako bat. Gidoiak egokia zirudien etxetik kanpo irabazten hasteko.

Elx ere, ordea, hiru puntuak lortzeko asmoarekin zelairatu zen, eta lehen zatia irekia izan zen. Ligako lehen jardunaldia beti izaten da berezia, baina aurtengoan jokalariek izan dute gehigarri bat: zaletuak itzuli dira zelaietara. Atzo, Elxen, 9.000 inguru bildu ziren harmailetan, eta haiekin batera itzuli ziren txaloak, txistuak eta oihuak Manuel Martinez Valero estadiora.

Athleticek ondo hasi zuen partida, eta berehala egin zuen Berenguerrek lehen saiakera. Aukerarik argienak, ordea, etxekoek izan zituzten. 29. minutuan gola sartu zuen Fidel Chavesek, baina epaileak baliogabetu egin zuen, Elxeko jokalaria jokoz kanpo zegoelako. Zortzi minutu geroago, berriz, Pere Millak kanpora bidali zuen ate aurrean bultza besterik egin behar ez zuen baloi bat.

Bigarren zatian erritmoa jaitsi zuten bi taldeek. Erasoko jokalariak zelairatu zituzten bi taldeek, baina bestelako neurketa bat ikusi zen. Azken minutuetan Elxek izan zuen gol aukera bat, baina atzo estreinakoa jokatu zuen Julen Agirrezabala atezainak bikain geratu zuen baloia.

Bigarren jardunaldian ez du aurkari samurra izango Athleticek: Messi galdu duen Bartzelona. Datorren larunbatean izango da, 22:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.