Lehen urrats sendoa finalera bidean

Itxakoko jokalariek erraz hartu dute mendean Mar Sagunt(22-36), eta Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu diraNafarrek Mar Alacanten aurka jokatuko dute bihar bigarren finalerdia, 20:00etan

Itxakoko jokalariak, artxiboko irudian, Larviken aurkako Txapeldunen Ligako partida amaitu berritan; nafarrak indartsu aritu ziren atzo ere. J. MANTEROLA / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Jaun eta jabe. Nagusitasun handia erakutsi zuen Itxakok atzo, eta 22-36 irabazi zion Mar Sagunti, Espainiako Kopako final-laurdenetako partidan, Altean (Alacant, Herrialde Katalanak). Lehen unetik argi eta garbi utzi zuten nafarrek pistan norgehiagoka irabazi bertze helbururik ez zutela, eta aurreneko minututik helburua betetzeko egin zuten lan. Defentsa, bertze behin, giltzarri izan zen atzoko partidan. Ambros Martinen jokalariek, gainera, ederki asmatu zuten erasoan. Konfiantzarekin aritu ziren, eta lan serio horrek jaso zuen, azkenean, merezitako saria.

Nerea Pena eta Deonise Fachinello gabe aritu zen Itxako atzo; gainerako jokalariek, hala ere, gogor egin zuten lan hutsek haien jokoan eraginik ez izateko. Eta ederki lortu zuten. Bere maila eman zuen Lizarrako taldeak, eta hori gertatzen denean, aurkariak ia aukerarik gabe gelditzen dira pistan, nafarren aurrean.

Mar Sagunti horixe gertatu zitzaion atzo. Lehen minutuetan dezente kostatu arren (4-5, 5-7, 6-9, 7-10...), atsedenaldirako, jada, 9-15 aurretik ziren Ambros Martinen jokalariak. Kontraerasoari etekina atera zioten nafarrek, eta horri esker, aurkariaren aterako bidea argitu egin zen Itxakorentzat. Defentsan, gainera, ohi bezain sendo agertu ziren Lizarrakoak, eta horrek lagundu zien markagailuan ezarri zuten aldeari eusten.

Bigarren zatian nafarren joko onak ez zuen behera egin. Alderantziz; are gehiago estutu zuen bere defentsa Itxakok, eta bi taldeen arteko aldea, ondorioz, handituz joan zen pistan, bai eta markagailuan ere. Mar Sagunt ezinean aritu zen Itxakoko jokalarien aurrean. Anitz sufritu zuten valentziarrek. Erronka handiegia izan zen haientzat egungo txapelduna mendean hartzen saiatzea.

Bigarren zatiaren lehen minutuetan 11-18 jarri zen markagailua Lizarrakoen alde. Itxakoren defentsa benetako harresi bilakatu zen Mar Sagunteko jokalarientzat. Ez zuten asmatu Itxakoren nagusitasuna apurtzen, haien ahalegin guztiak hutsalak izan baitziren. Azkenean, 22-36 markagailuan, Itxakoren alde. Nafarren erasoan, Begoña Fernandez eta Alexandrina Barbosa nabarmendu ziren, eta defentsan, bertze behin, Silvia Navarro atezainak egindako lana nabarmendu beharra dago. Bikain aritu zen valentziarra, eta ohi bezala, taldekideentzako pizgarri garrantzitsua izan zen.

Garaipenak finalerdietarako txartela eman zien Lizarrako jokalariei. Lehen urrats sendoa egin du Itxakok finalera bidean, baina horrek ez du erran nahi lan guztia egina duenik jada. Espainiako Kopa hirugarrenez jarraian altxatu nahi badu, atzo erakutsitako kontzentrazioari eutsi beharko dio talde nafarrak finalerdietan ere.

Erronkaren garrantziaz bertze inor baino hobeki jabetzen da Ambros Martin entrenatzailea, eta kontuan izan zuen atzoko partidan. Mar Sagunten aurkako nagusitasuna kontuan hartuta, tarteka atseden eman zien bere jokalariei, finalerdiei so, indarrak gordetzeko. Ongi hasi du Itxakok Espainiako Kopako bidea. Argi eta garbi erakutsi du zergatik den txapela irabazteko faborito nagusia. Bihar izanen du bigarren urratsa egiteko aukera, etziko finalerako sailkatu ahal izateko.

Mar Alacant 25-24 nagusi

Itxakorekin batera, Mar Alacant, etxeko taldea, zen finalerdietan sartzeko beste faboritoa, baina ederki sufritu zuten Ro'Casari aurre egiteko. Ligako sailkapenean bosgarren daude une honetan Alacantekoak, 26 punturekin, eta zazpigarren dago Ro'Casa, 20 punturekin. Elkarren aurka jokatutako ligako partidan ere Mar Alacantek irabazi zuen, aise, 33-22. Urtarrilaren 18an jokatu zuten elkarren aurka, 12. jardunaldian —maiatzaren 5ean jokatuko dute elkarren aurka bigarren itzuliko partida—.

Baina atzo oso partida ona egin zuen Ro'Casak. Etxekoak hasi ziren aurretik, 4-3 eta 11-9. Baina lehen zatiko azken hamar minutuetako 0-5eko partzialari esker, 11-14 joan ziren atsedenaldira. Estutu zuten etxekoek aldageletatik bueltan (13-14). 49. minutuan hiru goleko aldearekin zen, berriz ere, Ro'Casa (18-21). 57. minutuan 23-24 ziren, eta 15 segundo falta zirenean 24-24. Azken erasoan sartu zuten etxekoek 25-24koa, zaleen gozamenerako.

Bihar 20:00etan hasiko da Itxako eta Mar Alacanten arteko finalerdia. Finala, berriz, etzi jokatuko da, 11:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.