Lehen urratsa, sendoa

Athleticek partida serioa jokatu du, ez dio Alcorconi bere jokoa egiten utzi, eta uneoro izan du kontrolpean norgehiagoka

haritz gallastegi
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Athleticek bide onetik hasi du Espainiako Kopa. Talde zuri-gorriko kideek gogoan dute oraindik joan den sasoian Rayo Vallecanoren kontra hartutako kolpea. Ez dute bigarrenez gertatzerik gura eta, horretarako, mimoz prestatu dute Alcorconen kontrako kanporaketa. Lau aldiz egon dira talde zuri-gorriko ordezkariak Madrilgo talea bertatik bertara ikusten. Horietako batean gutxienez Joaquin Caparros ere egon zen. Eta, atzo Santo Domingon ikusitakoaren arabera, zer egin behar zen argi ikusi zuen lehen mementotik talde zuri-gorriko entrenatzaileak. «Zelaia txikia da eta jokalari sendoak zelairatuta oso ondo egokitzen da berdegunaren neurrietara», esan zuen partidaren bezperan teknikari zuri-gorriak.

Eta Athletic ere ez zen txarto moldatu. Ezustekoak ekidite aldera, zelairatu zezakeen talderik indartsuena plazaratu zuen entrenatzaileak. Castillo izan zen berritasun bakarra. Durangarrak denboraldiko lehen minutuak jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin. Ondo bete zuen bere lana. Gainerako hamarrak, ligan gehien jokatzen ari direnak izan ziren. Beraz, neurketa hasi aurretik ez zuela ezer oparitzeko asmorik erakutsi zion Caparrosek kontrarioari. Espainian horren ezagun egin zen Alcorconazo-a ez zela errepikatuko eman beharreko bigarren urratsa jokalariek eman zuten. Jakinekoa zen kontzentrazioa izango zela partidako giltzetako bat. Egungo futbolean berdintasun handia dago eta ez dago banakako akatsentzako lekurik. Sanchez Pizjuanen ez bezala, serio eta argi aritu ziren zuri-gorriak. Zelai erdian ondo presionatu zuten aurkaria eta ez zioten bere jokoa egiten utzi. Lehen minututik azkenara arte kontrolpean izan zuten neurketa.

Defentsan aitzakirik gabeko neurketa egin zuten lehoiek. Baloiaren jabe izan zirenean bestelakoak izan ziren kontuak. Athletici ere asko kostatu zitzaion arriskua sortzea. Zelai erdian bi taldeetako jokalari asko pilatzen ziren eta ez zen erraza zuloak aurkitzea. Espero zen moduan estrategia jokaldiei esker sortu zituzten aukerak talde biek. Alcorconen David Sanz erraldoia zen erreferentzia. Athleticen, berriz, Llorente. Ez bata ez bestea ez zen nabarmendu. Etxeko taldean Samuelek lehen zatian eta Quinik neurketaren azken txanpan izan zituzten aukera garbienak. Ez ziren oso argiak izan. Bestalde, Athleticek ere ez zituen asko izan. Garbiak bi baino ez. Biak Carlos Gurpegik. Lehen zatian Gabilondok erdiratutako korner bat baliatu zuen aurkariari aurrea hartu eta buruz erremate bikaina egiteko. Arnuabek atepean atera zuen baloia. Bigarren zatian ez zuen huts egin. Areaz kanpotik jaurtiketa indartsua eta lehorra egin zuen. Langa jo eta barrura. Gol bikaina. Andosillakoak indartsu hasi du sasoia.



Alcorcon 0

Athletic 1

Alcorcon. Raul Moreno, Alberdi, Babin, Rueda, Bermudez, Anuarbe, Sergio Mora, Montañes (Fernando Sales, 60. min.), Jeremy (Carlos Martinez, 60. min.), David Sanz eta Borja ( Quini, 76. min.).

Athletic. Iraizoz, Iraola, Ustaritz, San Jose, Gabilondo, Susaeta (De Marcos, 80. min.), Gurpegi, Javi Martinez (Orbaiz, 84. min.), Castillo, Toquero (Aurtenetxe, 87. min.) eta Llorente.

Gola. 0-1. Gurpegik (55. min.).

Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak Alcorconeko F. Salesi, eta Athleticeko Gurpegiri eta Orbaizi.

Bestelakoak. 4.500 ikusle inguru Alcorconeko San Domingo estadioan. Asko, Athleticekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.