Eurokopako lehen ustekabekoa gertatu da: Danimarkak irabazi egin die Herbehereei. 0-1. Urteetan emaitza onik izan gabe egon ondoren —1988an Eurokopako txapeldun—, duela bi urte Munduko Txapelketako finalera heldu ziren Herbehereak —gero galdu egin zuten arren—, baina burua altxatzen hasiak zirela zirudien.
Gaur galtzeak ez du esan nahi maldan behera direnik orain, baina kostatzen ari zaie mahai gainean kolpe bat ematea. Oso aurrelari onak eta biziak ditu aurrean, golegile petoak ere bai aspaldiko partez (Van Persie Ingalaterrako Ligako golegile nagusia izan da, eta Huntelaar Alemaniakoa), baina hutsean geratu da Danimarkaren aurka. Gol aukera asko huts egin ditu: Robbenek jaurtiketa bat zutoinera, Huntelaarrek aukera ona eduki du, Van Persiek...
Herbehereek asteazkenean Alemaniaren aurka jokatuko dute B Multzoko bigarren jardunaldian. Zail jarri zaie geroa.
Danimarkak ez du 1992an Eurokopa irabazi zuen selekzio haren adinako kalitaterik, baina ondo moldatu da gaur. Min egin du kontraerasoan. Eta hiru puntu.
Herbehereak. Stekelenburg, Van der Wiel (Kuyt, 85m), Heitinga, Vlaar, Willems, De Jong (Van der Vaart, 71m), Van Bommel, Robben, Sneijder, Afellay (Huntelaar, 71m), Van Persie.
Danimarka. Andersen, S. Poulsen, Agger, Kjær, Jacobsen, Zimling, Kvist, Krohn-Dehli, Eriksen (Schone, 73m) Rommedahl (Mikkelsen, 84m), Bendtner.
0-1: Krohn-Dehlik (23m).