Gogoz saiatu ziren atzo, baina esku-hutsik itzuli dira Amaya San Antonioko jokalariak etxera, Ciudad Realen aurka galduta. Aurkaririk zailenetako bat egokitu zitzaien nafarrei Asobal ligako zazpigarren jardunaldian, eta punturik lortu ez bazuten ere, San Antonioko jokalariek borrokatzen badakitela erakutsi zuten. Lehendabiziko zatian batez ere, iruindarrek ez baitzuten amore eman Ciudad Real guztiz ahaldunaren aurrean. 14-12koa zen emaitza 26. minutuan. Markagailuan beti atzetik izan arren, itxura ona eman zuten iruindarrek aurkariaren pistan.
17-13 amaitu zen lehen zatia. Bigarrenean San Antonio Ciudad Real ezustean harrapatzeko aukerei eusten saiatu zen, baina etxeko taldeak laster erakutsi zien nafarrei balentriarik egiten ez ziela utziko. Ez ziela, Bartzelonak bezala, markagailuan hurbiltzen utziko. Bi taldeen arteko aldea agerian gelditu zen.
3-0eko partzialari esker, 23-17 erabat bere alde jarri zuen Ciudad Realek norgehiagoka, bigarren zatiaren erdian. Eta aldea handitu bertzerik ez zuen egin partida amaitu bitarteko minutuetan. Meokik txartel gorria ikusi zuen 45. minutuan, hirugarrenez kanporatu ondoren. Horrek min egin zion taldeari. Gainera, Lazarovek iruindarren atea zulatzen jarraitzen zuen, eta Apezetxearen jokalariak ezinean ari ziren haren jaurtiketen aurrean. Ezin izan zuten gehiago egin nafarrek. Eta 30-22 amaitu zen partida.
Arratek ere punturik gabe amaitu zuen zazpigarren jardunaldiko partida, Torrevellaren etxean. 28-24 galdu zuen atzo Eibarko taldeak. Nafarrek bezala, lehen zatian eutsi zion aurkariari, eta oreka izan zen nagusi aurreneko 30 minutuetan markagailuan. 1-1 hasi zen partida, eta emaitza 5-5ekoa zen 15. minutuan.
Puntuak nahi zituen Arratek, eta aurre egin zion aurkariari haren pistan. Atsedenaldian 12-11 ziren bi taldeak. Bigarrenean, ordea, behera egin zuten gipuzkoarrek, eta aukera profitatu zuen Torrevellak bere pistan jokoan ziren puntuak poltsikoan sartzeko. Porrota, beraz, berriz ere, Arraterentzat.
Itxakok 37-18 irabazi du
Itxakok hotz hasi zuen atzoko partida, baina azkenean erraz irabazi zion Monovarri bere pistan, 37-18. Bi taldeen arteko aldea nabarmena dela agerian gelditu zen, eta Lizarrako jokalariak nagusi izan ziren ia partida guztian. Atsedenaldirako 15-10 ziren aurretik markagailuan, eta bigarren zatian alde hori handitu bertzerik ez zuten egin Ambros Martinen jokalariek.
Ligako partida jokatu eta irabazi ondoren, sailkapeneko buru jarraitzeko helburua bete du Itxakok. Eta orain Europari so egitea da nafarren eginbeharra. Igandean jokatuko dute Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako hirugarren partida, Hungariako Korvexen aurka. Austrian Hypo mendean hartu zuen Itxakok azken jardunaldian, eta horrek emanen dio indarra taldeari Europan urratsak egiten jarraitzeko.
Lehen zatiko lana ez da nahikoa izan Ciudad Reali irabazteko
San Antoniok itxura ona eman du, baina punturik ez du lortu; Arratek ere 28-24 galdu du Torrevellan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu