Bat ez beste txartel guztiak zeuden banatuta atzoko jardunaldia hasi aurretik. Jakina zela, alegia, A, B, C eta D multzoetatik sailkatuko ziren taldeen izen guztiak, batena kenduta. D multzoan zegoen zalantza. Kopenhage eta Rubin Kazan ziren aurrera egiteko moduan zeuden bi hautagaiak. Zazpi puntu zituen batak, eta sei besteak, baina danimarkarrek zuten txartel eskurago errusiarrek baino, eta eguneko jardunak ez zituen aurreikuspenak aldatu. Irabazi egin ziolako Kopenhagek Panathinaikosi (3-1) eta galdu egin zuelako Rubin Kazanek Bartzelonaren kontra (2-0). Danimarkarrek balentria egin dute. Lehen aldiz, herrialde horretako talde bat ariko da Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan. Ezusteko galanta eman dute.
Atzoko beste zalantza multzo bakoitzeko lehen eta bigarren postuak nola geldituko ziren jakitea zen. A multzoan Tottenhamek lortu zuen lehen postua, B multzoan Schalkek, C multzoan Manchester Unitedek, eta D multzoan Bartzelonak.
Beste hiru txartel jokoan gaur
Atzo D multzoko azken txartela banatu zuen Txapeldunen Ligako ligaxkako seigarren eta azken jardunaldiak, eta gaur H multzoko bi eta E multzoko beste bat banatuko ditu. H multzoa dago denetan beroen. Talde bakar bat ere ez da sailkatu oraindik, eta Xakthar, Arsenal eta Braga daude sailkatzeko aukerekin. Arsenalek Partizan azken sailkatuaren aurka jokatuko du, etxean, eta ez luke arazo handirik behar sailkatzeko. Xakthar Donetskek eta Bragak, berriz, elkarren aurka jokatuko dute. Ukrainarrek nahikoa dute berdinketa, eta Arsenalek irabaziz gero, portugaldarrek gutxienez 0-4 irabazi beharko dute.
E multzoan Bayern Munich sailkatuta dago, eta Erromak edo Basileak lortuko du bigarren txartela. Erromak Cluj azken sailkatuaren etxean jokatuko du, eta nahikoa du berdinketa. Basileak, berriz, Bayern Munichi irabazi beharko dio, eta Erromak galdu zain egon. F multzoan sailkatuta daude Chelsea eta Olympique Marseilla, eta G multzoan Real Madril eta Milan ere bai.
Lehen zortziak, kito
Kopenhagek lortu du Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako txartela; Danimarkako talde baten lehenengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu