Lehenengo kopa, Miarritzera

Miarritzek merezita irabazi du Euskal Herriko Kopa, zigor kolpe bati eta entsegu bati esker 8-0 menderatu baitu BaionaEuskal errugbia osasuntsu dagoela ikusi da, eta orain horri jarraipena ematea da erronka

Miarritzeko jokalari bat baloia aurrera eraman eta entsegua lortu nahian, abiadura baliatuz, Baionako hainbat jokalari atzetik dituela, atzo, Anoetan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Miarritze. Izen horixe agertuko da lehenbiziko Euskal Herriko Koparen garaileen zerrendan. Txapelketa atzo jokatu zen estreinakoz, Anoeta estadioan, eta zuri-gorriak nagusitu ziren. Ongi nagusitu ere. Bigarren zatian freskotasun handiarekin zelairatu ziren, eta 8-0 menderatu zuten Baiona, zigor kolpe bati eta entsegu bati esker. Neurketa ez zen izan urrezko lerroetan idazteko modukoa, baina polita bai. Zelaian ikusitako jokoagatik eta, batez ere, harmailek eduki zuten zirraragatik. Lepo egon ziren. Euskal Herriko errugbiak bat egin zuen, eta errugbiaren bihotza osatu. Egun guztian festa handia bizi ahal izan zen Donostian, eta, orain, bihotz horri zainetatik odola ematea da egin beharreko lana.

Punturik gabe joan zen lehenengo zatia. Punturik gabe bai, baina ez ikuskizunik gabe. Nor baino nor gehiago aritu ziren bi taldeak, nor nori gailenduko, eta izan zituzten entseguak lortzeko aukerak. Hori bai, kosta egin zitzaien esnatzen. Hasierako hogei minutuetan Miarritzek hartu zuen aginte makila, eta bere zelaian oso denbora gutxi egin zuen. Ordea, ez zuen lortu baloi jabetzari etekinik ateratzen. Antzu aritu zen aurreko lerroan, eta Baionak baloirik ez izan arren, eroso jokatu zuen.

Bazirudien Miarritzeren entsegua lehenagoko edo beranduagoko kontua izango zela, baina ez, garaiz ireki zituzten begiak baionatarrek. Aurten bi entrenatzaile berri dituzte, itxuraz oso finak eta gogorrak, eta lagunarteko neurketa izan arren, erasora jotzeko agindu zieten jokalariei. Noski, agindua ongi bete zuten. Beste martxa bat sartu zioten jokoari, baita ikuskizunari ere. 23. minutuan eman zioten Miarritzeri lehenengo sustoa, entsegua lortzeko zorian izan baitziren elastiko zuria soinean zuten jokalariak.

Atsedenaldira bitarte ez ziren gehiegi aldatu kontuak. Markagailuak hutsean jarraitu zuen, baina inork punturik merezi izan bazuen Baionak egin zituen horretarako lanak. 34. minutuan izan zuen lehen zatiko aukerarik onena. Talde osoak aurrera jo eta apuru larrian jarri zituzten aurkariak, baina miarriztarrek lortu zuten baloia inguru arriskutsutik ateratzen. Ostiko bati esker, arnasa lasai hartu zuten.

Ez luzerako, baina. Azken minutua zein luzapena gogorra eta borrokatua izan zen. Baionak birritan izan zuen entsegua esku-eskura, baina ihes egin zion. Baloiaren botearekin ere ez zuten batere zorterik izan. Baionako jokalari bat bakar-bakarrik zihoan jokaldi batean, baina botearekin kanpora joan zen baloia, eta pikutara entsegu ahalegina. Dena den, gehiegi barkatu zuten zuriek lehen zatian.

Eta kirolean lege bat dago: barkatzen duenak ordaindu egiten du. Bada, esaerak ez zuen hutsik egin, eta garesti ez, oso garesti atera zitzaion dena Baionari. Bi entrenatzaileek aldaketa ugari egin zituzten atsedenaldian, eta Miarritzek gehiago asmatu zuen. Fresko, ilusioz eta gogotsu ekin zion bigarren zatiari, eta berehala nabaritu zen. Zelaian askoz hobeto kokatuta egon zen, eta horri esker lortu zituen partidako estreinako puntuak. 53. minutuan izan zen hori. Zigor kolpe batengatik 3-0 aurreratu ziren zuri-gorriak. Jendearen txistu hotsak entzun ziren harmailetatik, jokaldi hori zigor kolpe batekin amaitzeagatik. Baina Miarritzeko entrenatzaileak argi zuen: titulu bat zegoen jokoan, eta ez zuen aurretik jartzeko aukera alferrik galdu nahi.

Lehen puntuek konfiantza eman zioten taldeari, eta hortik aitzinera dena izan zen errazagoa Miarritzeko jokalarientzat. 72. minutuan ikusi ahal izan zen norgehiagokako entsegu bakarra. Fisikoki osoago heldu ziren garaileak amaierara, eta nabaritu zen. Oro har, neurketa polita izan zen ikusteko, nahiz puntu gutxi egin. Oraindik bi aste luze falta zaizkie bi taldeei ligari ekiteko, baina atzo antzeman zen iazko sasoian baino hobeto daudela. Sufritu egin zuten, maila galtzeko zorian ere izan ziren, baina, ondo bidean, aurtengo denboraldian hobeto moldatuko dira.

Moldatzen ari dena, eta ez edonola, Euskal Herriko errugbia da. Atzo festa handia bizi izan zen Donostian, eta horri jarraipena ematea da erronka. Hurrengo urteei begira txapelketa talde gehiagorekin antolatzea da helburu nagusia. Ez litzateke batere seinale txarra izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.