Burumakur, etsita, jota biak. 2.06ra. Rein Taaramae (Cofidis) erakustaldi handia eman zuen estoniarrarekiko urrutiegi; Bradley Wiggins (Sky) lider sendoarekiko tarte handira; faborito gehienen gurpilari segitu ezinda. Jota iritsi ziren atzo La Farraponako helmugara Joaquim Rodriguez (Katuxa) eta Vincenzo Nibali (Liquigas). Espainiako Vuelta irabazteko faborito argietako bi ziren. Hirugarrena aspaldi itzali zen: Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) —azken-azken tropeltxoan helmugaratu zen atzo, 30.20ra, gaurko etapa gogorrerako indarrak gordeta—. Lehertu dira Vueltako izar gehienak.
Frantziako Tourreko kolpea gogoan, galdera ikurrarekin ekin zion Vueltari Wigginsek. Baina ikur guztiak kentzeko moduan da britainiarra. Etapak igaro ahala, geroz eta indartsuago dago Skyko bikoa —Wiggins-Froome—, eta sailkapen nagusian buru-buruan daude biak. Hori bai, izarrak lehertu ahala ari dira agertzen beste izar batzuk. Aspaldi ez bezala ibili zen Juanjo Cobo espainiarra (Geox) Burgosko Itzulian, Vueltaren atarian. Eta berez Geoxeko hirugarren txirrindularia izan behar zuenak kolpe polita eman zuen atzo La Farraponan gora. Erritmo aldaketa bizi-bizia egin zuen helmugarako lau kilometro eskas falta zirenean, eta hogei segundo —eta gainsaria— jan zizkion Wigginsi. Laugarren posturaino igo da sailkapen nagusian, Wigginsekiko 55 segundora dago, eta neurri-neurrikoa du Angliruko gaurko etapa amaiera.
Zalaparta handia espero zen atzo Kantabriako asteburu beldurgarriaren lehen zatian. Eta zalaparta izan, izan zela esan daiteke. Espero ez zena, ordea. Talde guztiek sartu nahi zuten txirrindulariren bat ihesaldian, atzetik taldeburuak erasoa jo eta talde lanean aritzeko. Eta borroka ederra izan zen lehen kilometro horietan. Azkenerako, hamazazpi lagun joan ziren ihesean, eta tartean ziren Taaramae etapako garailea, eta Iñaki Isasi eta Jorge Azanza (Euskaltel-Euskadi).
Elkarlanean txukun aritu ziren ihesaldiko kideak, eta helmugara iristeko 70 kilometro eskas falta zirenean zortzi minututik gorakoa zen aldea. San Lorenzo eta La Farrapona. Lehen mailako bi mendate gogor-gogor zeuzkaten zain etapako azken 40 kilometroetan, baina aurreko mendatean hasi zen lehertzen lasterketa. Katuxak erritmo ito-itoa jarri zuen Ventanan gora, Vacansoleilen laguntzarekin, eta tropelak tarte handia jan zion ihesaldiari bigarren mailako igoera horretan.
Katuxa ero-ero tiraka
Ventana jaitsi, San Lorenzo igo, jaitsi eta La Farrapona igo. Ederra zen ibilbidea, eta Katuxak muturreraino eraman zuen gogortasuna. Ventanan behera are erritmo biziagoa jarri zuen, eta tropela bitan banatu zen. Haimar Zubeldiak (RadioShack) aste honetan BERRIAri adierazi dio indartsu dagoela. Baina Ventanan behera, Katuxak erritmoa bizitzearekin batera, zulatua izan zuen usurbildarrak, eta hortxe galdu zuen Vuelta. Tiago Machado taldekidea eta biak saiatu ziren aurrekoekin bat egiten, baina minutuko tartea jan ezinik ibili ziren. Amore emanda, 20.23 minutu galdu zuen helmugan.
San Lorenzon gora ihesaldian aurrera jo zuten Taaramaek eta David de la Fuentek (Geox), eta atzetik Beñat Intxausti eta Marzio Bruseghin (Movistar) saiatu ziren sailkapen nagusia iraultzen. Movistarreko bikoak asko estutu zuen tropela, eta Katuxak ere mugitzea erabaki zuen. Dani Morenok jo zuen erasoa, eta azkar lortu zuen Movistarrekoekin bat egitea. Joaquim Rodriguezek ere mugitu zuen faboritoen tropela, baina ahalegin hutsean geratu zen mugimendua. Leopard-Trek taldeak apaldu zuen saioa.
Cobo mugitu zen San Lorenzoko azken metroetan, Rodriguezekin batera. Baina La Farrapona igotzen hasita iritsi zen triskantza. Rabobankek hartu zuen tropela luzatzeko ardura. Minutu baten aldearekin ziren Taaramae eta De la Fuente, eta etapa garaipenaren bila joateko saio polita egin zuen Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi). Indarra falta izan zitzaion, ordea. Liquigasek erritmo bizia jarri zuen tropelean, eta itota geratu zen Nibali lehenengo eta Rodriguez gero. Cobo aurrera joanda zegoen ordurako. Hankaz gora zegoen Vuelta. De la Fuenteri geratzeko esan, Coboren alde itsu-itsuan lan egin, eta, etapa garaipenik gabe, baina sailkapen nagusiko laugarren postuarekin bukatu zuen etapa Geoxek.
Cordal eta Angliru elkarri lotuta, etapa gogorra da gaurkoa ere, baina atzokoa aztertuta, oso lider sendoa da Wiggins. Ez da mugimendurik faltako, ordea, gertu dauzkalako Bauke Mollema (Rabobank), 36 segundora, eta Cobo, 55era.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Lehertu dira izarrak
Rein Taaramaek irabazi du Vueltako 14. etapa, eta liderrarekiko 1.21 galdu dute Vincenzo Nibalik eta Joaquim RodriguezekHaimar Zubeldiak une txarrean zulatua izan du, eta 20.23 minutu galdu ditu helmugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu