Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean erdibidean geratu da Athletic. Sailkapenaren goialdera begiratuta, urrun ikusten dira Txapeldunen Ligarako aukera ematen duten postuak. Valentziak, laugarren sailkatuak, talde zuri-gorriak baino zortzi puntu gehiago ditu. Alde handia da. Hori gutxi ez, eta bi taldeen tartean beste sei talde daude sailkatuak. Guztiek dute, gainera, Athleticek baino premia handiagoa. Kopari esker, zuri-gorriek bermatuta baitute datorren sasoian Europako Ligan parte hartzeko leku bat. Hortaz, sasoia amaitzeko geratzen diren zazpi neurketak irabazi beharko lituzke Athleticek egun miraria dena lortzeko. Ligako talde gehienen artean dagoen parekotasuna kontuan hartuta, ezinezkoa izango da jokoan egongo diren hogeita zazpi puntuak eskuratzea.
Behera begira ere antzekoa da egoera. Jaitsierako postuetan dauden hiru taldeek, berriz, Athleticek laugarren postuan sailkatu ahal izateko behar duen pareko urratsa behar lukete txapelketa zuri-gorrien aurretik amaitzeko. Nahikoa lan izango dute gertuago dituzten talderen bat gainditu eta beste urtebetez goren mailan irauteko.
Beraz, ez du erraza izan behar Granadaren kontrako partidarako motibazioa aurkitzea. Aldagelatik kanpo aurkitzea ezinezkoa dirudiena aldagela barruan topatzen ahalegindu beharko dute lehoiek. Behin buruari bueltak ematen hasita, hainbat gauza aurki daitezke Los Carmenesen irabazteko ezinbestekoa izango den indarra aurkitzeko: Athletici matematikoki salbazioa bermatuko liokeen garaipena lortzea izan daiteke garrantzitsuena.
Berez, 31. jardunaldian berrogei puntuko langa gainditu duen talde batek ez luke inolako kezkarik izan behar, baina estatistikek diote gutxienez berrogeita hiru puntu irabazi behar direla erabat lasai egoteko —berrogeita bi punturekin maila galdu duen taldeak badaude—; kirol mendekua izan daiteke beste motibazio iturri bat. Granadak hiru puntuak irabazi zituen, San Mamesen, lehen itzulian. Kolpe gogorra izan zen. Inork ez zuen espero talde igo berri bat denboraldiko une gozoenean zegoen Athletic mendean hartzeko gai izango zenik. Baina serio lan eginda eten zuen talde andaluziarrak hamaika partida galdu gabe zeramatzan taldearen ibilbide bikaina; historiari begiradatxo bat ematea ere ez da bide txarra Los Carmenes futbol zelaira gogotsu zelairatzeko. Athleticek duela ia lau hamarkada jokatu zuen azken aldiz Granadaren etxean. Beraz, jarraitzaile nagusiak baino ez dira oroituko bi talde horiek iraganean izan zituzten lehiez.
Hobe horrela, gainera. Izan ere, egun Abel Resinok zuzentzen duen taldearen gotorlekuan jokatutako azken hamabi alditan ez du irabaztea lortu —Athleticek sei berdinketa eta beste sei porrot—. 1957-58ko sasoian irabazi zuen azken aldiz talde zuri-gorriak. Artetxe eta Markaida jokalari historiakoak izan ziren garaipenaren erantzule nagusiak. Atera kontuak.
Beraz, hiru puntuen bila zelairatzeko arrazoi bat baino gehiago dagoela esan daiteke. Hala ere, beste guztien gainetik bat aipatu behar da: Bielsak Athletici eman dion garaipen gosea. Entrenatzaile argentinarraren meritu nagusia da lehiakorragoak egin dituela futbolariak. Hobeak dira, irabazle sena barneratu dietelako. Gainera, jarrera baikorra erakusten ez duenak jai du Locorekin. Beraz, Europako Ligan zein Espainiako Kopan protagonista izateko asmoa duten futbolariek hobe lukete geratzen diren liga norgehiagoka apurretan euren onena emango balute. Hortaz, ondo egingo lukete Granadako jokalariek aurrean izango duten taldeaz fidatuko ez balira. Besteak beste, jaitsierako postuetatik zazpi puntura egonda batzen jarraitzeko premia dute eta.
Bere filosofiari jarraituz, Bielsak ez du txandakatzerik egingo. Txartelak direla-eta neurketa bateko zigorra bete ostean, hasierako hamaikakora itzuliko da Javi Martinez. Aiegikoak Ekizaren lekua hartuko du. Gainerakoak, Sevillaren aurka aritu zirenak.
Lehiatzea derrigorrezkoa da
Ligan aparteko xederik gabe, Athleticek azken asteetako irabazle sena beharko du gaur Granadari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu