Europarako txartela eskuratzeak duen garrantziaz konturatzeko partida aproposa jokatuko du gaur Athleticek San Mamesen. Zuri-gorriek Paris Saint-Germain Europako aberats berrietako baten bisita izango dute. Nazioartean eta Frantziako Ligan galdutako lekua berreskuratu gura du Frantziako taldeak. Europan lehiatzeak merezi duela erakusten duen norgehiagoketako bat da gaurkoa. Urtero Katedralean ikusi ezin daitekeen goi mailako taldea da Pariskoa. Egungo Malagaren antzekoa —xeke baten diruari esker indartu da taldea—, baina prestigio gehiagokoa.
Lehiatzeko eta, era berean, gozatzeko neurketa egokia da gaurkoa. Ez dago talderik garaipena helburu gisa duela zelairatzen ez denik. Horretarako entrenatzen dira gogor asteko ia egun guztietan. Eta, beraz, gogotsu eta grinarekin zelairatuko dira gaur ere zuri-gorriak. Gainera, Paris Saint-Germain mendean hartzeak asko emango lioke Bielsaren taldeari. Lehenengo eta behin, prestigioa. Bigarrenez, hurrengo kanporaketan jokatzeko sekulako aurreparausoa. Eta, hirugarrenez, eta beharbada garrantzitsuena, konfiantza berreskuratzeko aukera. Autoestimua berreskuratzeko aukera dute Bielsaren jokalariek.
Baina ez da hiru puntuekin itsutzeko eguna —derbian jokoan egongo direnek askoz balio handiagoa dute—. Futbol profesionalean gozatu ahal baldin bada, gaurkoa da egun berezi horietako bat. Aurrean futbol gosea duen taldea izango dute lehoiek. Epe laburrean talde indartsuenekin lehiatzeko asmoa duen taldea da. Frantziako Liga irabaztea da Paris Saint-Germainen helburu nagusietako bat. Eta etxeko txapelketa irabazteko asmotan dabilen taldearen hurrengo pausoa Txapeldunen Liga da. Helburu horiek dituen talde batek nahitaez izan behar du Europako Liga irabazteko faboritoetako bat.
Ez al da lorpen ikaragarria horrelako helburuak dituen talde baten kontra jokatzea? Jokalarientzat sekulako esperientzia izango da. Ahaztezina. Athleticek ez baitu urtero Europan lehiatzeko aukera izaten. Futbolari askorentzat azken aukera izan daiteke, gainera. «Guk lehiaketa guztietan aritu behar dugu berdin. Ez zaio txapelketa bati beste bati baino garrantzi handiagoa eman behar. Europa ederra da, eta guztia emateko prest zelairatuko gara», adierazi du asteon Borja Ekizak.
Eta antzerako sentipena izan behar dute jarraitzaileek. Hemendik urte batzuetara Pastore Katedralean ikusteko aukera izan zutela esango dute, argentinarra izar handia baita. Zale askok emango dio balioa horri. Hala ere, San Mames ez da beteko. Taldearen sasoi hasiera kaskarrak, bazkideek sarrera ordaindu beharrak, eta neurketaren orduak baldintzatu egingo dute harmailen itxura.
Talde indartsua izango du aurrean Athleticek. Izenez, eta, aditu askoren ustez, izanez ere bai. Talde zuri-gorria baino hobea da Frantziakoa. «PSG gehiago da, baina partidak jokatu egin behar dira», adierazi zuen bi taldeetako entrenatzaile ohi Luis Fernandezek. Pastore, Nene, Sissoko… izar nagusi gehienak San Mamesen egongo dira. Gameiro aurrelaria, berriz, etxean geratu da. PSGko agintariek golak sartzeko aukeratutako jokalariaren erabakiak utzi zuen Athletic Aduriz fitxatzeko aukera barik. Izan ere, frantziarra Valentziatik oso gertu egon zen. Azkenean, bestelako bidea hartu zuen, eta erabaki horren ondorioz jarraitu du Adurizek Valentzian. Ez Aduriz eta ez Gameiro, ez dira gaur San Mamesen egongo. Eta Menez ere ez. Romako jokalari ohia Lyongo Olympiquen kontra Ligan jokatu beharreko neurketarako gorde du Antoine Kombouare entrenatzaileak.
Oscar De Marcos, hasieratik
Egongo ez direnez baino gehiago, zelaian agertuko direnei buruz aritzea hobe izango da, ordea. Athleticen ez da berritasun asko espero. Marcelo Bielsa ez da txandakatzeak egin zalea. «Jokalarien sasoiaren arabera erabakitzen dut nik hamaikakoa». Beraz, azken norgehiagokan jokalariren batek entrenatzailearen gustuko lana egin ez baldin bazuen behintzat, zelaian izango dira berriz ere. Atzealdearen ezker hegalekoan egongo da etxeko taldearen aldaketa bakarra. Jon Aurtenetxek ez zuen lan txarra egin Vila-realen kontrako partidan, baina postu horren jabea Oscar De Marcos da. Giharretako arazoek azken deialditik kanpo utzi zuten, baina jokalari gaztea joko ona egiten ari da, eta Bielsak atzo arratsaldeko entrenamendua hasi aurretik argitu zuen hasierako hamaikakora itzuliko dela.
Lehiatzera eta gozatzera
Espainiako Ligako ibilbide txarra ahaztuta, Paris Saint-Germainen kontra maila ona eman gura du gaur Athleticek EuropanIrabaziz gero, final-hamaseirenak jokatzeko txartel erdia eskuratuko dute zuri-gorriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu